Gizartea -
320 lanpostu berri
Osakidetzak 2.600 lanpostuko Enplegu Publikoko Eskaintza deitu du
Lehen deialdian, pediatria, ginekologia eta erradiodiagnosia alorretako lanpostuak izango dira, baina oinarri guztiak bihar argitaratuko dituzte Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.
Erredakzioa
Osakidetzak 2.600 lanpostu eskainiko dituen Enplegu Publikoko Eskaintza (EPE) egingo du. Lanpostu horietako 320 berriak izango dira. EPEaren oinarri orokorrak asteazken honetako Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte, eta ostegunean lehen hiru deialdien berri emango dute (pediatria, ginekologia eta erradiodiagnosia).
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Julian Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak prentsaurrekoa eskaini dute EPEaren berri emateko. Guztira, 2.600 lanpostu eskainiko dituzte eta horietako 320 lanpostu berri izango dira. Gainerako 2.280 lanpostuak, berriz, 2005eko urtarrilaren 1a baino lehen egindako aldi baterako edo bitarteko lanpostuak izango dira.
Bertan jakitera eman dutenez, oraingoan baztertu egin dute galdeketa itxien modeloa. Lehen hiru deialdiak pediatria (61), ginekologia (23) eta erradiodiagnosia (26) izango dira, eta lehen azterketak udazken erdi aldera egingo dituzte.
Perezek adierazi duenez, deialdiak "ezaguera, prestakuntza eta esperientzia" sarituko ditu; izan ere, hautagaiaren curriculumak gehienez 80 puntu balioko ditu. 2008an, berriz, gehienez 70 balio zuen.
Horrela, hautagai bakoitzak gehienez ere 198 puntu eskuratu ahalko ditu: 100, azterketan; 80, curriculumari esker; eta 18, euskararen ezaguera mailaren arabera. 2008an, berriz, gehienez 187 lor zitezkeen (100, azterketan; 70, curriculumean; eta 17, euskararen mailarena arabera.
Euskararen ezaguera mailak deialdian duen garrantziari buruz, sailburuak "bi ikuspegiren arteko oreka puntua" dela esan du.Bengoaren esanetan, ehuneko horrek ez die osasun sistemaren zerbitzuei kalte egingo eta Espainiako beste edozein lurraldetako hautagaiei ez die Osakidetzan lan egiteko oztoporik jarriko.