Gizartea -

Gasteizko enkantea atzeratuta

Aurelia: 'Eskerrik asko suminduei. Orain atsedena hartu nahi dut'

M-15 mugimenduaren Gasteizko kanpaldiari esker, gasteiztar batek bere etxebizitzaren enkantea urrira arte atzeratzea lortu du. "Mugitzen bagara, emaitzak lortzen dira", esan dute.

Aureliak bere etxebizitzaren enkantea urrira arte atzeratzea lortu du. Argazkia: EITB
Aureliak bere etxebizitzaren enkantea urrira arte atzeratzea lortu du. Argazkia: EITB
Aurelia: 'Babes handi jaso dut'

02:42

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteiztar batek bere etxebizitzaren enkantea urrira arte atzeratzea lortu du, M-15 mugimenduko Gasteizko kanpaldiko kideek komunikabideen aurrean egindako presioak bultzatuta. 73 urteko emakumeak ezin izan zion senide batzuek eskatutako mailegu bati aurre egin eta, hori dela eta, etxetik botatzeko prozesua martxan jarri zuen epaitegiak.

Aurelia izeneko emakume horrek Gasteizko kanpaldiko kideengana jo zuen, laguntza eske. Plataforma horretako kideak Andre Maria Zuriaren plazan bildu dira asteazkenean, goizeko lehen ordutik, eta presioaren eraginez, enkantea atzeratzea lortu dute.

Epaitegitik irtedakoan, erabakia "lasaigarria" dela esan du emakumeak. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, "oso txarto nago, aspalditik nabil arazo honekin bueltaka; orain atsedenaldi bat hartzeko unea da".

"Poztasun handia da"

Talde horrek azaldu duenez, zorra kitatzeko epeak Vital Kutxarekin negoziatzen saiatu dira, "baina ez dute gurekin negoziatzeko jarri ere egin nahi". Mugimendu horretako kide baten esanetan, "Aureliarena egoera dramatikoa da, eta lortutakoa poztasun handia da". "Honek agerian utzi du, mugituz gero, emaitzak lortu ahal direla", nabarmendu du.

Etxetik irtenarazteko prozesu honen kontra agertu diren lagun guztiei eskerrak eman dizkie mugimendu honek. Izan ere, horietako baten esanetan, "ez da bidezkoa jendea etxerik gabe eta zorrekin kale gorrian uztea".

Epaitegiak horren etxebizitza enkantean jartzeko asmoa zuen gaur, senide batzuek eskatu zuten mailegu batean abal-emaile gisa agertu baitzen. Guztira, 20.000 euroko zorra du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea