Gizartea -

Haurrak mugimenduan programa

Nola argaldu dietarik eta sendagairik gabe?

EHUren programa batek "autoestimu ariketak, gizarteratzea, katarsia, emozioak hustea eta talde kohesioa" oinarritzat hartuta, 8 eta 12 urte arteko Arabako 40 haur argaltzea lortu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) heziketa programa batek 8 eta 12 urte bitarteko Arabako 40 haur argaltzea lortu du, dietetara eta sendagaietara joan beharrik izan gabe.

Bartzelonako Vall d''Hebron ospitaleko dietistek eta psikologiek sortutako "Haurrak mugimenduan" programa hiru hilabetez garatu zuten Gasteizeko Txagorritxu ospitalean, eta EHUko zientzialariek arrakastarekin erabili dute, Euskal Herriko Unibertsitateak prentsa ohar batean adierazi duenez.

Maiatzaren eta uztailaren artean garatutako programaren oinarria dietistek haurrei eta horien gurasoei bizitzako ohitura osasungarriei buruzko aholkuak ematea izan da, astean ordu eta erdiko tailerretan.

Bittor Rodriguez EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak nabarmendu duenez, programa hau, besteekin alderatuta, "ez da dieta eta sendagaietan oinarritzen"; heziketa eta "autoestimu ariketak, gizarteratzea, katarsia, emozioak hustea eta talde kohesioa" ditu oinarritzat.

Programaren bultzatzaileen arabera, lortutako emaitzek eraginkortasuna bermatu dute, hamarretik bederatzi umek masa korporalaren indizean jaitsiera bat izan dutelako, eta elikatzeko ohiturak hobetu egin dituztelako. Horrez gain, jarduera fisikoari eskainitako denbora egunean 60 minututik 80ra pasatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea