Gizartea -
Lan hitzordu batean
Atxilotu bat Getxon, neska gazte bati sexu-eraso bat egin ostean
Biktimak adierazi duenez, ustezko erasotzailearekin harremanetan jarri zen Internet bidez, eta hark lana eskaini zion, gaia zehazteko hitzordu bat jarriaz.
Erredakzioa
26 urteko mutil bat Getxon atxilotu zuten, atzo, gazte bati sexu-erasoak egin izana leporatuta. Dirudienez, laneko gai bati buruz hitz egiteko geldituta zeuden, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Emakumeak adierazi duenez, Internet bidez jarri zen harremanetan ustezko erasotzailearekin, eta hark lana eskaini zion, gaia zehazteko hitzordu bat jarriaz.
Emakumearen arabera, gizonezkoaren etxean geratu ziren, eta hark arropa kentzeko esan zion; ezetz erantzutean, ganibeta batekin mehatxu eginda, bortxaketa amaitu zuen.
Gertatutakoaren berri izan bezain laster, Ertzaintzak abian jarri zuen kasuari zegokion ikerketa, eta arratsaldeko azken orduetan atxilotu egin zuen mutila.