Gizartea -
Abuztuaren 13tik 20ra arte
Donostiako Aste Nagusian 279 ekitaldi izango dira
Donostiako Aste Nagusirako atzera kontaketa hasi da. Abuztuaren 13tik 20ra bitartean, Gipuzkoako hiriburuak 279 ekitaldiko programazioa eskainiko die herritarrei eta kanpotik datozenei.
Erredakzioa
Juan Carlos Izagirre Donostiako alkateak abuztuaren 13tik 20ra bitartean ospatuko den Donostiako Aste Nagusiko programazioa aurkeztu du astelehen honetan. Alkateak esan duenez, festa "parte-hartzaileak, euskaldunak eta begirune handikoak" izango dira eta, guztira, Donostia Kulturak eta herriko beste hainbat taldek antolatutako 279 ekitaldi eskainiko dituzte.
Izagirre alkateak, Nerea Txapartegi Kultura zinegotziak eta Silvia Carvallo Udaleko Berdintasun Saileko zuzendariak Donostiako Konstituzio Plazan egindako prentsaurrekoan esan dutenez, "ez da ez intolerantzia keinurik, ez eta emakumearen aurkako indarkeriarik" onartuko jaietan.
Piratak taldeak abordatzea antolatzen du urtero Donostiako portuan, eta talde honek antolatutako gainerako ekitaldi guztiak ere portuan izango dira.
Txapartegik esan duenez, hauek izango dira Sagueseko kontzertuetan: Marta Sanchez, Berri Txarrak, Muchachito Bombo Infierno, Def con Dos, The Billie Jeans, Su Ta Gar, Esne Beltza, Zea Mays, Melendi eta Celtas Cortos.
Honez gain, egunero erraldoiak eta buruhandiak izango dira.