Gizartea -
Gipuzkoa
Aparkatuta zeuden zazpi ibilgailu jo ditu gidari batek, Zarautzen
Gidariak ia hirukoiztu egin zuen baimendutako gehienezko alkoholemia tasa. Istripua igandean izan zen, 22:30 aldera.
Erredakzioa
Aparkatuta zeuden zazpi ibilgailu jo zituen auto baten gidaria atxilotu zuten Ertzaintzaren agenteek, igandean. Ondoren egin zioten proban, ia hirukoiztu egin zuen baimendutako gehienezko alkoholemia tasa, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Igandeko 22:30 jota zirela, Ertzaintzak Zarautzeko Nafarroa kalean izandako istripu baten berri izan zuen. Agenteek auto bat galtzadatik irten eta zazpi ibilgailu kolpatu zituela ikusi zuten. Alkoholemia-probetan, botatako arnasan litroko 0,70 eta 0,80 miligramoko tasa positiboak eman zituen gidariak. Ondorioz, atxilotu egin zuten.
Bestalde, Ertzaintzako agenteek auto bat geldiarazi zuten igandeko 22:40 aldera Hernanin, GI-131 errepidean, euren artxiboen arabera, gidariak gidabaimeneko puntu guztiak galduta baitzituen. Ustezko arau-hauslea atxilotu egin zuten.