Gizartea -

Osasun Ministerioaren inkesta

240.000 emakumek indarkeria sexista justifikatu dute, 'kasu batzuetan'

Herritarren % 72,5en ustez, erasotzaileen arazo psikologikoen ondorioz izaten dira emakumeen aurkako indarkeria kasuak eta, erdiak baino gehiagok alkoholarekin eta drogarekin arazoak dituztela uste du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herritarren % 72,5en ustez, erasotzaileen arazo psikologikoen ondorioz izaten dira emakumeen aurkako indarkeria kasuak eta, erdien baino gehiagoren aburuz, alkoholarekin eta drogarekin arazoak dituztelako egiten dituzte horrelakoak erasotzaileek. Hori adierazi du Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak egin duen inkesta batek. Gainera, herritarren % 1,4k erasoak justifikatzen ditu.

2.000 herritarrek hartu dute parte inkestan, hirugarren urtez jarraian egindako honetan. Herritarren % 91,2k emakumeen aurkako indarkeria "guztiz onartezina" dela uste dute eta %7,3rentzat hori "beti egon izan den eta saihestezina den zerbait da". % 86,1k esan duenez, Espainian nahiko edo asko zabaldutako fenomenoa da.

Salaketa faltsuei buruz, inkesta parte hartu dutenen % 18,9k emakume gehienek "salaketa faltsuak" egiten dituztela uste dute, baina % 47,6k ez dute hori sinesten, “salaketa egitea prozesu luze eta mingarria delako”. Ikerketaren arabera, % 75,1ek "beste alor batzuetan bezala" baten bat egongo dela uste dute, eta, % 88,4ren iritziz, salaketa egin ostean atzera egiteak ez du faltsua zela esan nahi.

Polizia, lehen aukera

Inkestak aztertu dituen beste gaietako bat indarkeriaren aurkako erreakzioa da, Herritarren erdiek lehenik familiari eskatuko liokete laguntza, % 29,1 Poliziara edo auzitegira joango litzateke. Hala ere, ehuneko batek ez lukete inorengana joko eta % 1,4k erasotzailearen senideei eskatuko liekete laguntza.

Tratu txarrak inguruko emakume batek pairatzen dituenean, % 47,5 Poliziara edo auzitegi batera joango litzateke. Iazko datuekin alderatuta, % 12 jaitsi da kopurua; izan ere, 2009an hamarretik seik esan zuten lehen neurria salatzea izango zela. Bestalde, % 23,2rentzat lehen aukera biktimaren senideekin hitz egitea izango litzateke, duela bi urte baino ehuneko 5 gehiago.

Hamar herritarretatik seik uste dute biktimek beldurrarengatik ez dutela salatzen, eta % 19k ez salatzeko arrazoia lotsa dela pentsatzen dute. % 6,6k, berriz, erasoa justifikatua dagoela uste dutelako salatzen ez dutela esan du. Gainera, % 32k erasotzailea mendekotasun emozionalagatik barkatzen dutela uste dute, % 18,5ek errepresaliei beldurra dietelako egiten dutela pentsatzen dute eta % 17,1ek erasotzaileak jarrera aldatuko duela uste dutelako salatzen ez dutela pentsatzen dute.

Administrazio publikoek emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko egiten duten lanari buruz, herritarren % 67,7ren ustez erasotzaileentzako GPSak "asko edo nahiko" laguntzen du. % 24,3k, berriz, zigorrak gogortu egin behar direla uste dute eta, azkenik, % 10,7k gizartearen kontzientziazioaren alde egin dute. % 5,1ek uste du eraginkorrena erasotzaileen izenen zerrendak argitaratzea izango litzatekeela.

Tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzako telefonoa 016

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea