Gizartea -

Koronabirusa

Airearen kutsadura % 45etik gora murriztu da Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Ekologistak Martxanen txostenaren arabera, zirkulazioa murrizteko neurriek eragin dute nitrogeno oxidoaren beherakada.

Iruñea. Argazkia: EiTB
Iruñea. Argazkia: EiTB
Iruñea. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekologistak Martxan elkarteak kaleratu duen azken txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko hiriburuetako kutsadurak % 45etik gora egin du behera batez beste konfinamendua hasi zenetik, zirkulazioari jarritako mugek nitrogeno dioxidoaren beherakada nabarmena eragin dutelako.

'Espainiako hiri-airearen kalitateari buruzko COVID-19aren krisiaren ondorioak' deitutako txostenaren ondorio nagusia horixe da, trafikoaren murrizketa zorrotzak "inoiz ez bezalako hobekuntza, legezko mugen eta Munduko Osasun Erakundearen (MOE) gomendioen oso azpitik", ekarri diola airearen kalitateari.

Hiriburuetako estazioetako datuak martxoaren 14a eta 31a bitartean jaso eta aurreko hamar urteetako batez besteko kutsadura mailarekin alderatu ondoren, Ekologistak Martxanetik azaldu dute hilaren 18-19an hasi zirela beherakada nabaritzen, ordura arte, meteorologiagatik edo ez dakiten arrazoiren batengatik, ez zelako alderik sumatzen.

Ekologistak Martxan taldearen txostenak nitrogeno dioxidoaren (NO2) datu ofizialak aztertzen ditu, alarma egoera eta konfinamendu neurriak ezarri zirenetik izan den aldaketa ikusteko. Izan ere, "nitrogeno dioxidoa (NO2) autoen ihes-hodiek isurtzen duten kutsatzaile ohikoena da (industriak eta etxe galdarek ere isurtzen dute); hortaz, horren bilakaera erabat lotuta dago motordun trafikoaren isurketekin, hiriko airearen kalitatean eragiten duen faktore nagusia baita".

Hala, Gasteizen izan da beherakada handiena, % 54koa, eta atzetik geratu dira Iruñea (% 49), Donostia (% 41) eta Bilbo (% 40). Espainiako Estatuan, % 55ekoa izan da batez besteko beherakada.

"Airearen kalitatearen hobekuntza orokorra izaten ari da, hirietako erdiguneetan zein kanpoaldean, zirkulazioa mugatzeko neurriak orokorrak izan diren bezala", azpimarratu du talde ekologistak.

Elkarteak uste du krisitik ateratzean datuok mugikortasuneko politiken bidea aldarazi beharko luketela, "nitrogeno dioxidoak Espainiako Estatuan urtero 7.000 heriotza goiztiar inguru" eragiten dituelako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilbo Donostiako azken albisteak Iruñeko albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Medikuntza albisteak Ingurumena azken ordukoa COVID kasuak Euskadiko kutsadura gaur