Gizartea -
Polemika
Osakidetzak Lan Eskaintza Publikoa mantenduko du
Sindikatuei euren interesen arabera jokatzea leporatu die Osasun sailburuordeak eta eskaintzak euskara errespetatzeko eta profesional hobeak erakartzeko helburuak "orekatu" egiten dituela esan du.
Erredakzioa
Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 2011ko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) mantentzeko "konpromisoa" mantenduko du eta sindikatuei "euren helburuen alde" jokatzea leporatu die. Gainera, PPri PSErekin duen akordioaren oinarriak betetzeagatik "leialtasun eza" egotzi dio. Horrez gain, eskaintzak euskara errespetatzeko eta profesional hobeak erakartzeko helburuak "orekatu" egiten dituela esan du Fernandezek.
Sailburuordeak azaldu duenaren arabera, 2.600 lanpostu banatuko dituen eskaintza da, Osakidetzako langile kopuruaren % 10 baino gehiago. Hortaz, Euskadin 140.000 langabe dauden une honetan, Eusko Jaurlaritzak "kalitatezko eta segurtasuneko enplegu publikoa sendotzeko" egin duen "esfortzua" adierazi du.
Horrez gain, Estatuko gainontzeko erkidegoetan eskaini diren plazen hirukoitza aurkeztu direla gogoratu du.
Fernandezen aburuz, lanpostuak nahikoak ez direla esatean, milaka profesionalek lan hobea topatzeko edo lehen lanean hasteko lan egin ordez, sindikatuek euren estrategien alde egin dute.
PPren jarrerari buruz, sailburuordeak esan du alderdia "nahastu" egin dela eta Jaurlaritzarekin duen akordioa ahaztu eta "interes elektoralen" arabera jokatu duela.
"Bidezko" balorazioa
Fernandezek argitu duenez, Osakidetzak 2007ko normalizazio dekretuak eta PPrekin duen akordioaren oinarriek jasotzen dutenarenaren arabera, balorazio "justua" egin du eta hizkuntzaren ezaguera ez du asistentzia sanitarioaren aurretik jarri.
Hori dela eta, irtenbidea bi helburuak "orekatzea" izan dela esan du, hiritarrek euskaraz hitz egiteko aukera izatea eta "profesional onenak erakartzea". Hala ere, sistema aldaketarekin nahi diren helburuak lortzen ez badituzte, Sailak, hala behar izanez gero, "beste batzuk hartuko ditu".