Gizartea -
Koronabirusa
Txinan erositako 40 arnasgailuak euskal ospitaletan banatzen hasi da Jaurlaritza
Datozen egunetan, arnasgailuak Gurutzeta, Donostia, Araba, Basurtu eta Galdakaoko ospitaletako Zainketa Berezietako Unitateetan erabiliko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Jaurlaritza ostiral honetan hasi da Txinan erositako 40 arnasgailuak euskal ospitaleen artean banatzen. Materiala bart iritsi da, Amsterdametik. Gainera, eta koronabirusaren krisiarekin lotuta, adinekoen egoitzetan 341 test azkar egin dituzte eta horietatik 88k positibo eman du.
Mikel Sanchez Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio sanitarioko zuzendariak prentsaurrekoa eman du, telematikoki, COVID-19aren inguruko EAEko datuak emateko.
Sanchezek azpimarratu duenez, bart 40 arnasgailu iritsi ziren Euskadira. Txinatar jatorriko materiala da, Jaurlaritzak erositakoa, eta EAEra Amsterdametik iritsi da.
Ospitaletan erabiltzeko
Datozen egunetan, arnasgailuak Gurutzeta, Donostia, Araba, Basurtu eta Galdakaoko ospitaletan erabiliko dituzte. Gaur goizean bertan hasi dute banaketa eta lehen bost arnasgailuak Galdakaoko ospitalean jarri dituzte. Hamar Donostia Ospitalera joango dira, beste horrenbeste Gurutzetakora, zortzi Arabakora eta zazpi Basurtukora.
Halaber, aste honetan hasi dira adinekoen egoitzetan koronabirusa antzemateko test azkarrak egiten. 341 test egin dituzte dagoeneko, eta horietatik 88k positibo eman dute.