Gizartea -

Koronabirusa

Nola saihestu koronabirusa etxera eramatea

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak gomendio batzuk argitaratu ditu, lanpostura bueltatu behar dutenentzat, edo janaria erostera zein farmaziara joan behar dutenentzat.

Bi lagun, Bilbon, Areatzako Zubian. Argazkia: EFE.
Bi lagun, Bilbon, Areatzako Zubian
Bi lagun, Bilbon, Areatzako Zubian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak gida bat argitaratu du, astelehenetik lanpostura bueltatu behar dutenentzat, edo janaria erostera edo farmaziara joateko, etxetik irten behar dutenentzat. Etxetik kanpo erabilitako objektuak desinfektatzea (betaurrekoak edo mugikorra, adibidez) gomendatzen du, besteak beste, gida horrek, koronabirusa etxera sar ez dadin.

Jarraian, gida horretako aholkuak zehaztuko ditugu:

Etxetik kanpo

-Saiatu gainazalik ez ukitzen; egitekotan, ondo garbitu eskuak, ura eta xaboia erabiliz.

-Eskuak ondo eta sarri garbitzea eskularruak erabiltzea baino eraginkorragoa da.

-Ahalegindu ez ukitzen begiak, ahoa edo sudurra.

-Segurtasun-tartea utzi, 1 edo 2 metrokoa.

-Autoa erabiliz gero, sarri garbitu, batez ere gehien ukitzen diren gainazalak.

Etxera iritsitakoan

-Erantzi zapatak, eta atetik gertu utzi.

-Garbitu eskuak, ura eta xaboia erabiliz.

-Bereizi etxean behar ez dituzun objektuak (giltzak edo diru-zorroa), eta itxitako kutxa batean utzi, atetik gertu.

-Etxetik kanpo erabilitako gainerako objektuak desinfektatu (mugikorra edo betaurrekoak). Erabili horretarako, erabili eta botatzeko zapiak, eta soluzio alkoholduna, edo ura eta xaboia.

Gune itxi batean eta pertsona gehiagorekin izan zara, denbora jarraian?

Bereizi poltsa batean erabili duzun arropa, astindu gabe. Itxi poltsa, eta ez atera arropa etxetik berriro irten arte, berriro erabili arte, edo ur beroaz garbitu arte. Ondo lehortu. Manipulatu ostean, ondo garbitu eskuak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua argazkiak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa