Gizartea -
Koronabirusa
Bi pertsona labankadaz zauritu dituzte Bilbon, lonja batean izandako borrokan
Antza denez, 20 eta 27 urteko bi gazte dira erasotzaileak, biktimen ezagunak. Gertaera 02:15ean jazo da, Santutxu auzoko lonja batean.
Agentziak | Erredakzioa
Bi pertsona labankadaz zauritu dituzte gaur goizaldean Bilbon, Santutxu auzoko lonja batean izandako borrokan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Zauritutako bi pertsona horiek Basurtuko ospitalera eraman dituzte, eta Ertzaintzak ustezko erasotzaileak atxilotu ditu.
Antza denez, 20 eta 27 urteko bi gazte dira erasotzaileak, biktimen ezagunak. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, joan den astean 6 eta 4 aldiz atxilotu zituzten, hurrenez hurren, alarma-egoeran ezarritako konfinamendua haustea leporatuta.
Gertaera 02:15ean jazo da. Lekukoek azaldu dutenez, borroka izan den tokian bost pertsona zeuden, eta une jakin batean, bi atxilotuak iritsi dira, aurretik zuten liskarren bat argitzeko asmoz.
Atxilotu dituztenean, ertzainek 11 zentimetroko labana bat eta guraize batzuk aurkitu dituzte inguruan.