Gizartea -
Gazteen Munduko Jardunaldia
Munilla: 'Gazteriak konplexuak kentzeko aukera bat da'
Donostiako Elizbarrutiak Aita Santuaren bisitaren eguneko aurreko egunetan egingo diren ekitaldietan parte hartuko duten 6.000 gazte inguru hartuko ditu
Erredakzioa
Donostiako Apezpikuak, Jose Ignacio Munillak, uste duenaren arabera, abuztuaren 16tik 21era Madrilen izango den Gazteen Munduko Jardunaldia (Benedicto XVI Aita Santua bertan egongo da) gazteria katolikoak "konplexua kentzeko aukera bikaina da, halako presio laizista bat dagoen halako giro bat existitzen delako".
Munillak Donostian izandako prentsaurreko batean egin ditu adierazpen hauek. Ibon Elosegi, Gazte Elizako arduraduna, eta Mikel Iraundegi, Familia Elizako arduraduna, ere bertan egon dira. Gazteen Munduko Jardunaldia baino lehen, abuztuaren 11tik 15era Gipuzkoan egingo diren ekitaldiak azaldu dituzte. Egun horietan Donostiako Elizbarrutiak 6.000 gazte inguru hartuko ditu.
Ekitaldi horiek ostegunean, abuztuak 11n, hasiko dira. Hasteko, erromesei harrera egingo diete eta dagozkien abegi-familiara eramango dituzte. Ostiraletik igandera parrokietatik ekitaldiak egingo dituzte eta ingurua ezagutuko dute; eta larunbatean Loiolako Santutegia bisitatuko dute. Azkenik, astelehenean azken Eukaristia egingo dute Donostian; hori dela eta, Santa Mariako Meza nagusia 10:30era aurreratuko dute.
Apezpikuak boluntarioen eta abegi-familien lana eskertu nahi izan die. Guztira 144 familiak 454 erromes hartuko dituzte, eta bost kontinenteetatik datozen gainontzeko gazteak polikiroldegitan, ikastoletan eta parrokietan hartuko dute ostatu. Talderik handiena, 1.500 gazte inguru, Txiletik dator, eta dagoeneko Donostiako Apaiztegian daude. Gainerakoak ostegunean helduko dira.