Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak ikasleentzako "gainditu orokorra" baztertu du

Eskola-zentroek erabakiko dute zein ikaslek errepikatu beharko duten; hori bai, neurri hori "oso salbuespenezkoa" izango da, eta justifikatuta egon beharko da.

Eskola bat, hutsik, alarma-egoeran, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Eskola bat, hutsik, alarma-egoeran, artxiboko irudian
Eskola bat, hutsik, alarma-egoeran, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak ikasleentzako "gainditu orokorra" baztertu du, eta eskola-zentroek erabakiko dute zein ikaslek errepikatu beharko duten; hori bai, neurri hori "oso salbuespenezkoa" izango da, eta justifikatuta egon beharko da, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez.

Gimenok prentsaurrekoan azaldu du ikasleek, orokorrean, ikasturtea gaindituko dutela, eta 2020-2021 ikasturtean hurrengo mailan izango dira; suspenditzeko eta errepikatzeko, "justifikazioa eta frogatuta egon beharko da, egiaztatzeko hori dela aukerarik onena". Errepikapena, azaldu du, "hezkuntza-behar nabarmenagatik" adostuko da.

Ikasleen azken ebaluazioa "ez da ohi baino onberagoa izango", baizik eta "ulerberagoa eta desberdina", globalagoa, jarraituagoa eta "holistikoagoa".

7.000 ikaslek ezin izan dute onlineko hezkuntzan sartu

Kontseilariak azaldu du Nafarroan ia 7.000 ikaslek ezin izan dutela onlineko hezkuntzan sartu, eta, ondorioz, erabaki dute ebaluatuko den gaia lehen bi hiruhilekoetan aurrez aurreko hezkuntzan jasotakoa izango dela.

Hain zuzen ere, urrutiko hezkuntza baliatu ezin duten ikasle-kopurua 6.969koa da sare publikoan: 3-6 urte arteko zikloan, 1.521; Lehen Hezkuntzan, 3.750; DBHn, 1.200; Batxilergoan, 1.200; Lanbide Heziketan, 87; Lanbide Hezkuntzako Erdi Mailako Graduetan, 166; eta Lanbide Hezkuntzako Goi Mailako Graduetan, 138.

Arrakala digitala murrizteko, Departamentuak ekipo informatikoak erosten jarraitzen du. Ikasleek ondorengo asteotan izango dituzte eskuragarri ekipo horiek; hezkuntza-komunitateak, dagoeneko, 1.500 ekipo berri ditu bere esku.

Ikasleek ebaluazio-txosten bana izango dute, kontseilariaren esanetan: "Egoera honek ezin du sortu, inolaz ere ez, arazorik gehien izan dituztenak kaltetuko dituen ebaluaziorik", adierazi du, aurrez aurrekoa ez den prestakuntzan sartzeko aukerarik izan ez dutenen gainean.

Gimenok zehaztu du Espainiako Hezkuntza Ministerioaren asmoa ikasturte akademikoa "ixtea" omen dela. Hortaz, Nafarroan erabaki dute hirugarren hiruhilekoa "inaustea"; ezinbesteko gaitasunak indartzeko eta lehen bi hiruhilekoak errekuperatu eta errepasatzeko erabiliko dute.

Ikasturtea ekainaren 19an amaituko da

Egutegiko konfigurazio berrian, 2019-2020 ikasturterako aurreikusitako amaiera-datari eutsiko diote: hain zuzen ere, ekainaren 19an bukatuko da. Beraz, "Hezkuntza Departamentura atxikitako irakaslerik ez da lanean izango uztailean", ziurtatu du Gimenok.

Nolanahi ere, Nafarroaren proposamena da indarrean dagoen ikasturtea hurrengoari lotzea; hori esango dio Foru Gobernuak Hezkuntza Ministerioari, baieztatzeko neurria balekoa den.

Hurrengo ikasturteari begira, kontseilariak iragarri du bi milioi euro gehiago inbertituko dituztela pertsonalean: "Dagoeneko, prestatzen ari gara ikaslearentzako aurrez aurreko arreta", ikasketa-erritmoa ahalik eta lasterren berreskuratzea helburu.

Helburu nagusia, kontseilariak nabarmendu duenez, egon ahal izan diren desparekotasunak gainditzea da; izan ere, epe honetan "ezin izan da ezarri hezkuntza-sisteman aukeren-parekotasuna berme guztiekin".

Irakasleak, familiak eta ikasleak babestu ditu

Ikasturte akademikoa, Gimenoren esanetan, "zakarki" aldatu egin du osasun-larrialdiak; azken hori "ustekabez iritsi da, eta traumatikoa izan da". Kontseilariak irakasleak, familiak eta ikasleak babestu ditu; familiak, "erakutsi duten sendotasunagatik", eta ikasleak, "funtsean, izateko gure arrazoia baitira".

Gimenoren iritziz, "guztiz beharrezkoa da bizitzen ari garen denbora berriz aztertzea", eta ulertzea "iraileko aurreikuspenek, agian, ez dutela oraingoan balio".

Ondorioz, gehitu du, "hezkuntza-makinari kosta ahala kosta ez eustea behar dugu; lehentasuna eman behar diegu emozio-, fisika- eta hezkuntza-ongizateari", ahalik eta baldintza onenetan.

Kontseilariak zehaztu du Nafarroako Gobernuak "erabateko segurtasun juridikoaz" nahi duela hartu hezkuntza-arloko erabakiak; hortaz, "Ministerioaren agindua guztiz ezagutu behar dugu", baina oraindik ez dute argitaratu. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Hezkuntza Osasun albisteak gaur Nerabezaroa albisteak COVID kasuak