Gizartea -
Kontsumoa
Sakelako telefonoak atzerrian: Nola saihestu faktura astronomikoak?
Atzerrian Internet telefono mugikorraren bidez erabiltzeak 1000 eurorainoko fakturak ordaindu behar izatea suposa dezake.
Erredakzioa
Udan nabarmen ugaritzen dira sakelako telefonoaren erabiltzaileek jarritako kexen kopurua. Arrazoi nagusia ondoko da: udan bidaia gehiago egiten dira eta atzerrian zenbait zerbitzu erabiltzea askoz garestiago da, faktura 1000 eurora iritsi daitezkeelarik.
Antonino Joya OCU kontsumitzaileen elkarteko bozeramaileak Radio Euskadin azaldu duenez, arazo nagusia roaming-a da (konpainiek atzerrian kobratzen duten zerbitzua), Interneten bideo bat ikusteak, esaterako, 35 euroko kostua izan baitezake.
"Roaming-a berez da garestia, baina deiak egiteagaitik edo hartzeagatik prezioak araututa dauden bitartean, telefono mugikorretako Internet bidez datuak elkartrukatzea ez dago erregulatuta. Europar Batasunak hartu duen neurri bakarra hau da: mugikor guztiek atzerrian Internet kontsumitzeko muga 50 eurotan ezarrita izan behar dute; beraz, muga hori gainditzean, konexioa eten egiten da", azaldu du Joyak.
Bere iritzian, neurri "ona" da, sakelako telefonoetako aplikazio asko automatikoki berritzen direlako, erabiltzailea ezertaz ohartu gabe.
Faktura astronomiko bat jaso ezkero zer egin behar den galdetuta, Joyak adierazi du konponbidea ez dela erraza. "1000 euroko faktura bat jasotzen badugu, 1000 euroko kontsumoa egin dugula esanahi du. Egin dezakegun gauza bakarra da atzerrian sakelakoarekin Internet erabiltzeak izan ditzakeen arriskuetaz konpainiak ohartarazi ez gaituela frogatzea da", erantsi du.
Joyak kontsumitzaileei eta bereziki gazteei ematen dien aholkua ondokoa da: atzerrira bidaiatu aurretik datuen zerbitzua desaktibatzea. "Gazteek asko bidaiatzen dute, sare sozialetara konektatuta egoten dira, mezu asko igortzen dituzte... baina zerbitzua desaktibatuta, hil bukaeran ez-ustekoak izatea saihestuko dugu", azpimarratu du.