Gizartea -
Lapurretak jatetxeetan
Donostiako Belartza jatetxean ere egin dute lapurreta
Juan Mari Arzakek esan du bere jatetxean hiru lagun sartu omen zirela lapurreta egiteko eta baztertu egin du gertakari hauen atzean lapur-talde profesional bat aurkitzen dela.
Erredakzioa
Azken asteotan lapurretak pairatu dituzten Donostiako jatetxeak lau dira jada. Juan Mari Arzaken eta Pedro Subijanaren jatetxeek eta Saltxipi lokalak jasandako lapurretez gain, joan den igandean Belartzan jatetxean ere lapurreta izan zela jakinarazi du gaur El Pais egunkariak.
Lau kasuetan lapurreta burutzeko modua antzekoa izan da: goizaldean eta jai-egunagatik edo atseden egunagatik itxita egon direnean sartu dira; alarma erabilezin bihurtzen dute, segurtasun kutxa bilatzen hasten dira eta topatzean indarrez ireki eta dirua eramaten dute.
Lapurretak egiteko modua aintzat hartuta, Ertzaintzak uste du jatetxe handietan lapurtzea helburu duen profesional talde bat dela erantzulea. Horrenbestez, eta gaizkileak atxilotu bitartean, Herrizaingo Sailak segurtasun-kutxetan egun askotako dirua ez pilatzea eta segurtasun-neurriak zorroztea eskatu die ostalariei.
Arzak: "Hiru lapur izan dira"
Bestalde, Juan Mari Arzakek atzo esan zuenez, "lapurrak, antza, hiru izan dira eta ez zuten esperientzia handirik". Bere jatetxearen aurrean egindako adierazpenetan, lapurrek ez zutela diru kantitate handirik eraman zehaztu du. "Honelako tokietan ordainketen % 70-80 kreditu txartelarekin egiten dira", erantsi du.
Horrez gain, segurtasun kutxak horma handietan sartuta daudela eta hortik ateratzeko "gutxienez sei ordu" behar direla nabarmendu du. Lapurrek kutxetako bat ireki zutela azaldu du, baina bigarrena, elektronikoa, zabaltzea ez zutela lortu jakinarazi du.
Arzak pozik agertu da lapurrek gauza garrantzitsuak txikitu ez zituztelako, hala nola, ordenagailua; izan ere, bertan gordetako informazioa galdu izana arazo larria izango zatekeen jatetxearentzat.
Lapurreta duela 15 egun gertatu zela argitu du, uztailaren 25ean eta 26an itxita egon zenean, hain zuzen ere.