Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
Bilboko konpartsak 300 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu jaietarako
Aurtengo Aste Nagusian ekitaldi berriez gozatzeko aukera izango da; besteak beste, Warhamemmer irudien rolekin jolasteko joku bat, "Magik" karta txapelketa eta Skate eskola bat izango dira aurtengoan.
Erredakzioa
Gari Goikoetxea Bilboko Konpartsak taldeko bozeramaileak eta talde guztietako ordezkariek Aste Nagusiko ekitaldien programazioa aurkeztu dute, prentsaurreko batean. Honez gain, ostegun honetan Bilboko Areatzan txosnak jartzen hasi direla iragarri dute.
Aurtengo Aste Nagusian ekitaldi berriez gozatzeko aukera izango da, besteak beste Warhammer rol jolaseko irudien txapelketa, Magik karta txapelketa eta skate eskola bat izango dira aurtengoan.
Dena dela, Bilboko konpartsek aurtengo antolatutako ekitaldi nagusienak gastronomia lehiaketak eta Hiri Krosa izango dira.
Abuztuaren 23an, asteartean, patata-tortilla txapelketa egingo dute, Areatzan. Joan den urtean 250 lehiakide aurkeztu ziren txapelketara. Abuztuaren 27an, asteazkenean, Euskadiko 34. marmitako txapelketa egingo da, leku berean.
Abuztuaren 26an, ostiralean, hiri krosaren XV. edizioa egingo da. Adinaren arabera, ordutegi eta ibilbide ezberdina izango dute korrikalariek. Helduentzako lasterketa 6.000 metrokoa izango da. Areatzan hasiko da, Euskalduna Jauregitik pasatuko da eta berriz ere hasierako lekura itzuliko dira.
Guztientzako ekitaldiak
Mus eta xake txapelketak, txalaparta ikastaroak, laborantza ekologikorako tailerrak, ardo-dastatzeak, erretirodunentzako bazkaria, igelaren jokoaren txapelketa eta Psiko Block ere izango dira ekitaldien artean. Azkenengoak hori errekaren gainean horma bat eskalatzean datza. Horrela, parte-hartzaileek ez dute minik hartuko, jausiz gero, uretara eroriko baitira. Aste Nagusiko ekitaldien inguruko informazio gehiago nahi duenak konpartsen orrialde ofizialean izango du eskuragai.
Marijaiaren ‘pin’ak, berdintasunaren alde
Metro Bilbaok 24 ordutan saldu ditu Marijaia solidario guztiak. Hortik lortutako dirua arazoak dituzten emakumeentzat izango dira eta, oro har, emakume guztien eskubideen alde egiten duten gobernuz kanpoko erakundeentzat.