Gizartea -

Koronabuloak

Ez dago frogatuta klima epelak edo hezeagoak koronabirusari kalte egitea

Zientzialariek esku artean duten hipotesien artean dago, eta aurretiazko ikerketa batzuek iradoki dute, baina ez dago oraingoz baieztatzeko moduko ebidentziarik.

Newcastle hiritik gertuko hondartza bat (Erresuma Batua). Argazkia: EFE.
Newcastle hiritik gertuko hondartza bat (Erresuma Batua)
Newcastle hiritik gertuko hondartza bat (Erresuma Batua). Argazkia: EFE.

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak azaldu du ez dagoela ebidentzia zientifikorik, oraingoz behintzat, adierazteko koronabirusaren kutsakortasuna txikiagoa dela eguraldia epela eta hezea bada; hori horrela balitz, COVID-19 gaitzaren eragina txikiagoa izan liteke, udaberriak aurrera jo eta udarako hilabeteak gerturatu ahala, bero handiagoagatik.

Twitterren argitaratutako txosten zientifiko baten bidez, Ministerioak zehaztu du zientzialariek esku artean duten hipotesien artean dagoela hori, eta aurretiazko ikerketa batzuek iradoki dutela, baina ez dagoela oraingoz aukera hori baieztatzeko moduko ebidentziarik.

Gure erabiltzaileek mezu batzuen berri eman digute 600 900 454 zenbakian, EiTBk #Koronabuloak gelditzeko duen ekimeneko WhatsAppean. Mezu horietan, ziurtatzen dute frogatuta dagoela beroak koronabirusa "hiltzen" edo "eliminatzen" duela.

Hain zuzen ere, WhatsAppen dabiltzan mezu horietan esaten dute 26-27 graduko tenperaturak edo muga horretatik gorakoek SARS-CoV-2 birusa kentzen dutela. Gure erabiltzaileek helarazi dizkiguten testuetan, italiar ustezko mediku bat aipatzen dute; Txinako Shenzhen hiriko ospitale batean lan egin omen zuen, eta Gobernu txinatarrak koronabirusa ikertzeko taldeko kide izendatu omen zuen.

Halaber, Lidia Rota Vender medikuak ustez egindako adierazpen batzuk aipatzen dituzte. Mediku hori Gaixotasun Kardiobaskularren eta Tronbosiaren aurkako Italiako Elkarteko presidente gisa dago aurkeztuta.

Mezuek iradokitzen dutenez, beroarekin, COVID-19 gaixotasunaren eragina txikiagoa izango da; izan ere, testu batzuen arabera, "koronabirusak ez du beroa jasaten, eta 26-27 graduko tenperatura egotekotan hiltzen da"; beste mezu batzuetan diote birusak ez dituela jasaten 26-27 graduko muga horretatik gorako tenperaturak.

"Beraz, edan ur bero asko, tea eta infusioak adibidez. Ez da sendabidea, baina gorputzerako ona da. Ur beroa edatea birus guztiak hiltzeko bada eraginkorra. Saiatu izotzik ez edaten, eta Eguzkitan jarri, negua bada", aholkatzen dute.

Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren erantzuna

Horiek bezalako baieztapenen aurrean, eta uda iritsita koronabirusaren eragina txikiagoa izango dela diotenei erantzutea helburu, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak hurrengo txioa argitaratu du astelehen honetan:

Txioarekin batera, Espainiako Gobernuak txosten zientifiko bat partekatu du, 'Klima, tenperatura, eta COVID-19aren hedapena' goiburupean. Ikerketa horretan adierazten dutenez, komunitate zientifikoaren hipotesietakoa da "SARS-CoV-2 koronabirusaren kutsakortasuna txikiagoa izatea klima epela eta hezea egotekotan".

Nolanahi ere, nabarmentzen du oraingoz hipotesia dela, hori besterik ez: "Aurretiazko ikerketa batzuek hori diote, baina oraingoz ez dago nahikoa ebidentziarik", hori adierazteko.

"Arnasketa-motako birus batzuk, gripearena kasu, klima hotzeko hilabeteetan barreiatzen dira gehiago; oro har, ezagunak diren gainerako koronabirusek okerrago bizirauten dute tenperaturak altuagoak direnean, edo hezetasuna handiagoa denean, giro hotzago edo lehorragoetan baino. Hainbat arrazoik eusten diote birusen eskualde epeletako urtaroko izateari, baina oraindik ez dago nahikoa informaziorik jakiteko teoria horrek koronabirus berriarekin ere loturarik duen", jarraitzen du txostenak.

Ministerioak nabarmentzen duenez, koronabirusa "mundu osoan hedatu da, klima epel eta hezeetan ere bai". Ondorioz, "oraindik goiz da egiaztatzeko haren kutsakortasunean urtaroko izateak eraginik duen ala ez".

SARS-CoV-2 birusa "ez da erabat ezagutzen"; ikerketak aurretiazkoak direnez, zuhurtzia nagusitu behar da, kontu honetan.

"Ikerketa gehiago egin behar dira: klima-aldakortasunaz, airearen kutsaduraz, gizarte-harremaneko ereduez, herritarren sentikortasunaz, eta arnasketa-infekzioen zaintzaz", besteak beste, zehaztu du Ministerioak.

Lidia Rota Vender medikuaren gainean (gure WhatsAppen jasotako mezuetako batean dago aipatuta), Maldita.es web orriak baieztatuta du Gaixotasun Kardiobaskularren eta Tronbosiaren aurkako Italiako Elkarteko presidentea dela, baina zehazten du ez dagoela frogarik esateko "informazio hau zabaldu duenik".

Euskal Irati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua argazkiak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusaren Eris aldaera gaur