Gizartea -
Gertakaria
Eraikin bat jendez hustu dute Ordizian sute elektriko batengatik
Bizilagunak euren kabuz atera dira etxetik ke handia ikusi dutenean, eta inor ez da zauritu.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Ordiziako eraikin batean sortu den sute elektriko baten eraginez, etxebizitza eraikin bat jendez hustu dute, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
08:20 aldera jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek. Santa Maria kaleko 20.eko bizilagunek deitu dute, lau solairuko eraikineko goiko partean ke handia ateratzen ari zela ohartarazteko. Bizilagunak euren kabuz atera dira etxetik badaezpada ere, eta, Udalak jakinarazi duenez, ez da inor zauritu.
Ondoren, aldameneko eraikineko bizilagunak atera dituzte etxetik. Suhiltzaileak bertaratutakoan, ez dute surik ikusi, baina bai kea, gailu elektrikoren batean izandako sute elektriko batek eragindakoa, antza.