Gizartea -
Koronabirusa
Ana Elizalde: "Aurten ere sanferminak ospatu ahal izatea espero dugu"
Iruñeko jarduneko alkatearen esanetan, egoerak hobera egiten badu, San Fermin jaiak "azkar antolatzeko prest dago Udala".
Radio Euskadi | Erredakzioa
Ana Elizalde Iruñeko jarduneko alkateak astearte honetan Radio Euskadiko 'Boulevard' albistegian esan duenez, "2020an ere sanferminak ospatu ahal izatea" espero dute. "Gauzak hobetzen badira", Iruñeko Udala jai horiek "azkar antolatzeko prest" dago. Izan ere, bi arrazoirengatik ona izango litzatekeela azaldu du, "San Fermin ospatu nahi dugulako eta COVID-19 gaitza denon artean gainditzen ari garen adierazle argia izango liratekeelako".
Jaiak behin-behinean bertan behera uzteko erabakia "zaila, gogorra eta oso tristea" izan dela ziurtatu du, baina "zuhurtziagatik eta erantzukizunagatik" hartu behar izan dute erabaki hori.
Gainera, ez du uste itxaropen faltsuak pizten ari direnik, baizik eta ez diotela ospakizunari "atea itxi" nahi izan urtea amaitu baino lehen, "hori baita jendeak eskatzen diguna".
Jarduneko alkateak nabarmendu duenez, uztailean sanferminen ospakizuna bertan behera uzteak eragin ekonomiko handia izango du hirian, eta hedabideetan aurreikuspenik egin nahi ez duen arren, kezkatuta ageri da, "krisiak gehien kaltetutako sektoreei eragingo dielako: merkataritzari eta ostalaritzari". "Tamalez, taberna eta denda batzuk itxi egin beharko dituzte", deitoratu du.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du: