Gizartea -

Koronabirusa

Osasun Ministerioaren ikerlanak 90.000 lagun aztertuko ditu, umeak barne

Lanaren arduradunek 1.200 arabar, 1.620 gipuzkoar, 2.160 nafar eta 2.040 bizkaitar gonbidatuko dituzte bertan parte hartzera, telefonoz.

Nafarroan, 2.160 pertsonari egingo diote testa. Irudian, Iruñea, hutsik. Argazkia: Efe.
Iruñeko kaleak, hutsik
Nafarroan, 2.160 pertsonari egingo diote testa. Irudian, Iruñea, hutsik. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Osasun Ministerioak Carlos III.a Osasun Institutuarekin, Espainiako Estatistika Institutu Nazionalarekin eta autonomia erkidegoetako gobernuen laguntzarekin egingo duen seroprebalentzia azterketak 90.000 pertsona, ume zein heldu, ikertuko ditu Estatu osoan, eta parte-hartzaileek telefonoz jasoko dute gonbidapena.   

Apirilaren 27an, astelehenarekin, abiatuko den lanaren helburua birusaren aurkako antigorputzak neurtuz koronabirus berriarekin kutsatzeko prebalentzia neurtzea da, eta datu hori autonomia erkidegoen, probintzien, adinaren eta sexuaren arabera sailkatzea.

Prebalentzia horretan dauden aldaketak neurtuko ditu azterlanak, epidemiaren bilakaera monitorizatzeko, eta “arreta berezia” eskainiko dio transmisio komunitarioak eragindako kutsatzeen balizko agerpenari.

Aukeratu beharreko lagina 90.000 pertsonakoa da, eta, Hegoaldeari dagokionez, Araban 1.200 pertsona aztertuko dituzte, Gipuzkoan 1.620, Nafarroan 2.160 eta Bizkaian 2.040.

Telefonoz jarriko dira harremanetan aukeratutako etxeekin, azterlanaren helburuen berri emateko, baimena eskatzeko eta etxerako bisita zehazteko.

Test azkarra

Parte hartzen duten guztiei, helduak zein umeak izan, immunokoromatografia test azkarra egingo diete, odoletan antigorputzik ba ote duten jakiteko. 'Orient Gene Covis 19 IgM/IgG' Zheijiang Orient Gene Biotech enpresaren testa erabiliko dute horretarako, CE marka daukana.

Bestalde, parte-hartzaileei galdetegi epidemiologiko bat egingo diete, aurretik covid-19a diagnostikatu dieten edo gaixotasun horrekin eta horren arrisku faktoreekin lotuta egon litezkeen sintoma edo aurrekaririk ba ote duten jakite aldera.

Lehen txanda batean, bi asteko epea jarri dute 36.000 etxetan informazio jasotzeko.

Abisua, telefonoz

Parte-hartzaileak gonbidatzeko, etxera deituko dute telefonoz, eta, harremanetan jarrita, ikerketaren helburuaren eta ezaugarrien berri emango diete, parte hartu nahi duten zehaztuko dute, etxean bizi direnen inguruko informazioa eta etxearen gaineko beste jakingarri batzuk bilduko dituzte, elkarrizketarako hitzordua ezarriko dute eta etxean bizi direnen lan egoeraren ingurukoak ere galdetuko dituzte, hala behar izatekotan, enpresa edo lanpostuetan absentzia justifikatzeko egiaztagirik behar ote duten jakiteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak COVID kasuak