Gizartea -
Hezkuntza
EHU munduko 49 unibertsitate onenen artean genero-berdintasunean
Eta era berean, munduko 59 unibertsitate onenen artean dago kokatuta ekoizpen eta kontsumo arduratsuan.
eitb.eus
EHU lehen aldiz parte hartu du Times Higher Education, unibertsitate-inpaktuko rankingean. Garapen Jasangarrirako Helburuekin erlazionatutako jarduerak ebaluatzen ditu ranking horrek. Estreinaldi honetan 101-200eko tartean kokatu da sailkapen orokorrean. Horrez gain, genero-berdintasunean, munduko 49 erakunde onenen artean dago, eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuetan, 59 onenen artean.
Times Higher Education (THE) unibertsitate-inpaktuko rankingak iaztik ebaluatzen du unibertsitateek zer jarduera izan duten NBEk bultzatutako 2030eko Agendan, Garapen Jasangarrirako Helburuak biltzen dituena (GJH). Ranking horretan hainbat adierazle erabiltzen dira, goi-mailako hezkuntza-erakundeek 17 GJHen inguruan izan duten eragin sozioekonomikoa aztertzen dute, formazioa, ikerketa, transferentzia eta gobernantza arloak kontuan hartuta.
Rankingean parte hartzeko, beharrezkoa da jakinaraztea zer emaitza lortu den 17. GJHan (Helburuak lortzeko aliantzak) eta beste hiru helburutan gutxienez. Datu horiekin, bi sailkapen-mota egiten dira: orokorra, unibertsitateak emaitza onenak lortu dituen hiru GJHen emaitzetan oinarrituta, eta GJH bakoitzari dagozkion rankingak.
EHU 101-200eko tartean sailkatu da bigarren edizio honetako sailkapen orokorrean. Aurten, 85 herrialdetako 766 unibertsitatek baino gehiagok hartu dute parte. EHUk parte hartzen duen lehen aldia da, eta 6 helburu aurkeztu ditu: Osasuna eta ongizatea (3. GJHa), Kalitatezko hezkuntza (4. GJHa), Genero-berdintasuna (5. GJHa), Desberdinkeriak murriztea (10. GJHa), Ekoizpen eta kontsumo arduratsua (12. GJHa) eta Helburuak lortzeko aliantzak (17. GJHa).
Estreinaldi honetan, genero-berdintasunean, munduko 49 erakunde onenen artean kokatzea lortu du EHUk, eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuan, munduko 59 erakunde onenen artean. Halaber, nabarmentzekoak dira osasunarekin eta ongizatearekin lotuta eta garapen jasangarria lortzeko aliantzen arloan egin duen ekarpena, non 100 puntutik 72,3 eta 78,6 puntu lortu baititu, hurrenez hurren, eta horrek 101-200eko tartean kokatu baitu.
Rankingak balio berezia eman die emakumeak sustatzeko martxan jarri diren ekintzei, hezkuntza arloan egin diren argitalpen zientifikoei, ingurumen-jardueren txostenak argitaratzeari, bazterkeria saihesteko neurriei eta helburuak lortzeko aliantzei.
Beraz, EHUk lortu du ekoizpen eta kontsumo arduratsuan ekarpen handienak egiten dituen estatuko bigarren unibertsitatea izatea, eta bosgarrena, osasunaren, ongizatearen eta genero-berdintasunaren arloan.
Ranking honen burua , berriz ere, Aucklandeko Unibertsitatea (Zeelanda Berria) da, eta Australiako bi unibertsitatek osatzen dute lehenengo hiru onenen zerrenda: Sydneyko Unibertsitatea eta Sydney Mendebaldeko Unibertsitatea.