Gizartea -
Gertaera
Etxe batean lapurreta egiten saiatu dira Bilbon, aldamio batetik igota
Lekuko batek Ertzaintzari deitu dio, eraikin baten aurrealdean dagoen aldamio batetik igota etxe batera pertsona susmagarri bat sartzen ikusi duela esateko.
Erredakzioa
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak 28 eta 29 urteko gizonezko bi atxilotu zituen atzo arratsaldean Bilbon, pisu batean osteko asmoz aldamio batetik igo eta etxebizitza-eraikin batera sartu izana egotzita.
Atzo arratsaldeko zortziak aldera, herritar batek Ertzaintzari deitu zion, Bilboko Lehendakari Agirre etorbidera patruila batzuk bidal zitzaten eskatzeko. Izan ere, gizonezko bat ikusi zuen etxebizitza-eraikin baten aurrealdean jarritako aldamio batetik igotzen eta, balkoi bateko pertsiana indarrez igo ondoren, pisu batera sartzen.
Patruila batzuk bertaratuta, agenteak deia egin zuen lekukoarekin harremanetan jarri ziren, eta, ustezko lapurraren deskribapen fisikoaren berri jaso ondoren, etxebizitza-eraikinera sartu ziren. Lehenengo eta bigarren solairuen arteko eskailera-buruan deskripzio horrekin bat egiten zuen gizon batekin topo egin zuten.
Agenteetako bat ustezko lapurra identifikatzen geratu zen bitartean, beste bat eskaileretan gora joan zen, eta eskailerak jaisten ari zen beste gizon bat topatu zuen. Besoetako batetik odoletan zegoenez, hori ere atzeman zuten.