Gizartea -
Erreformak eskatzen dituzte
Austriako 300 bat parrokok Vatikanoaren kontra egin dute
"Desobeditzeko deia" izeneko ekimen baten bidez, besteak beste, emakumeak eta gizon ezkonduak apaiz egin ahal izatea eskatu dute.
Erredakzioa
Austriako 300 bat parroko katolikok (guztira 2.000 daude bertan) Vatikanoaren kontra egin dute eta modernizatzeko erreformak eskatu dituzte; besteak beste, emakumeak eta gizon ezkonduak apaiz egin ahal izatea eta "borondate ona" duten kristau guztiek Jauna hartzeko aukera izatea.
"Desobeditzeko deia" izeneko ekimena Internet bidez zabaldu zuten ekainean, eta babes handia lortu du erlijiosoen artean. Eliza katolikoaren bertako hierarkiarekin harremanak okertzea eragin du horrek.
Ósterreich egunkarian gaur ekimenaren bultzatzailea den Vienako bikario nagusi ohiak, Helmut Schüller apaizak, azaldu duenez, "erlijiosoen artean atsekabe handia dago".
Berehala heldu dira kritikak. Egon Kapellari monsinorearen, Graz hiriko apezpikuaren, ustez, "ekimen hori arriskutsua da Elizaren batasunerako".
Schüllerrek esan duenaren arabera, Austriako Apezpiku-konferentziako presidente eta Vienako artzapezpikua den Christoph Schönborn 300 apaiz horien ordezkariekin bildu zen, baina "ez zegoela ekimenaren alde eta ez zuela Erroman defendatuko" esan zien.