Gizartea -
Lan istripua
Langile bat hil da IMQ klinika berriaren lanetan, Bilbon
Dirudienez, palet bat erori zaio gainera, 15 metroko altuera batetik. Langileak 45 urte zituen eta Bilbokoa zen.
Erredakzioa
Langile bat hil da gaur arratsaldean Igualatorio Mediko Kirurgikoaren (IMQ) klinika berriaren lanetan, Bilboko Deustu auzoan.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 16:20ak aldera gertatu da. Dirudienez, garabi bat garraiatzen ari zen palet bat erori zaio langileari, 15 metrotako altuera batetik. Talka gogorraren ondorioz, 45 urteko Bilboko gizona momentuan hil da. Auzitegiko mediku batek heriotza ziurtatu du eta hilotza Bilboko Auzitegi Patologia Zerbitzura eraman dute dagoeneko.
Deustun eraikitzen ari den IMQ klinikaren eraikina, Euskadiko klinika pribaturik handiena izango da. 9.000 metro karratuko zonalde batean egongo da eta 18.000 metro karratuko azalera izango du. IMQk 85 milioi euro inbertitu ditu.