Gizartea -
Sari berezia joan egin da
ONCEren 20 milioi euroko saria lortu duen kupoia ez da saldu
Halere, zenbaki sarituak (11.729) 60.000 euro utzi ditu kupoi bakoitzeko Nafarroan eta Araban, besteak beste.
Erredakzioa
ONCEren udako zozketa bereziak ez du 20 milioi euroko sari potoloa eman aurten, sari nagusia zenbaki sarituaren (11.279) serie bakarrak (076) eskuratzen baitu sari hori, eta aurten saldu gabe itzuli baitute. Hala ere, zenbaki saritua duten kupoi ugari saldu dira, besteak beste, Araban eta Nafarroan, ONCEk eitb.com-i jakitera eman dionez. 60.000 euro eskuratuko ditu halako bat duen bakoitzak.
Aurten ONCEk bere zozketa berezirako egin duen publizitate-kanpaina Rumba 3 taldeak 70eko hamarkadan egin zuen "Vete" abestian oinarritu dute, 20 milioi euro izanez gero, lana uzteko aukera badela esanez, kupoia erostera bultzatzeko.
Aurten, baina, benetan "joan" dena zenbaki horren 076 seriea izan da. Dena den, "kontsolazio" saria jaso duenik ere bada, salmentan zenbaki bakoitzeko 120 kupoi (serie bakoitzeko bat) jarri ondoren, zenbakia saritua duten kupoi batzuk saldu egin baitira. 60.000 euroko saria jasoko du bakoitzak. Erosleetako batzuk, beraz, pozik egongo dira saria lortu dutela ikusita, baina bakarren bat triste egongo da, iragarkian zabaldu zuten leloa "bete" ahal izateko zein gertu egon den ikusita.
Zenbaki saritua, besteak beste, Araban eta Nafarroan jarri zuten salgai, baina baliteke oporretan joan den euskaldunen bat ere zorioneko izatea, beste toki hauetan ere saldu baita: Kanariak, Torrevieja, Eivissa, Huelva, Kordoba, Aljemesi eta Terrassa.