Gizartea -
Uztailean
Gero eta turista gehiago, Euskadin
Bizkaiak jaso ditu bisitari gehien uztailean, horietatik gehienak Frantziakoak, Iberoamerikakoak, Holandakoak, Estatu Batuetakoak eta Kanadakoak ziren.
Erredakzioa
Euskadiko ostalaritza establezimenduetan 264.045 turista izan dira uztailean, 2010eko hilabete berean baino % 9 gehiago, eta Bizkaian izan du igoera handiena. Turista kopuruaren gorakada bi urtez jarraian gertatu da jada.
Datu horiek turismoaren hazkuntza jarraitua adierazten dute, eta aurreko hilabeteko datuak (Euskadiko hotelentzat historiako ekainik onentzat hartua) hobetzen dituzte, 2010arekin alderatuz gero, % 8 igo baita bisitari kopurua, lehenengo aldiz 400.000 ostatu-gau pasatzeko muga gaindituta.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur aurkeztu ditu uztaileko turisten datuak. Horren arabera, iazko uztailean baino 22.880 bisitari gehiago izan dira aurten, Bizkaian % 16 gehiago, Araban % 7 eta Gipuzkoan % 3.
Bisitarien jatorriari dagokionez, estatuko pertsonen bisitak % 10 igo dira, atzerritarrenak aldiz, % 8.
Estatuko turisten artean, Asturiastik, Gaztela eta Leonetik, Kataluniatik, Madrildrik eta Euskaditik etorritako turisten kopurua handitu da gehien, eta Aragoiko, Extremadurako eta Errioxako bisitarien kopurua murriztu da gehien.
Atzerritarren artean, Frantziako, Iberoamerikako, Holandako, Estatu Batuetako eta Kanadako bisitak hazi dira gehienbat. Portugaldik eta Belgikatik etorritakoen kopurua, berriz, jaitsi egin da.