Gizartea -

Koronabirusa

COVID-19aren 116 biktimaren familiek auzitara jo dute Espainiako Gobernuaren aurka

Nafar abokatu bat dago Espainiako Gobernu osoaren aurka, homizidio arduragabea leporatuta, kereila jarri duten legelarien taldean.

Espainiako Gobernu osoaren aurkako kereila jarri dute. Argazkia: Efe.
Espainiako Ministroen Kontseiluaren bilera
Espainiako Gobernu osoaren aurkako kereila jarri dute. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Bacaicoa nafar abokatuak eta beste hamar legelarik Espainiako Gobernu osoaren aurkako kereila jarri dute Auzitegi Gorenean, COVID-19ak jota hil diren 116 pertsonaren familien izenean, pandemia kudeatzeko orduan homizidio arduragabearen delitua egin izana egotzita.

Bacaicoak “modu boluntario eta doakoan” parte hartuko duela berretsi, eta 11 familia ordezkatuko dituela azaldu du, guztiak ere Nafarroatik kanpokoak.

Espainiako Exekutiboko 23 kideen kontra jarri dute kereila, “zuhurtziagabekeria larriagatik oraindik zehaztu gabe dagoen homizidio kopuru baten ustezko erantzule kriminalak izatea egotzita”, “egite edo ez egitearen ondorioz, pandemia eta SARS-CoV-2 birusa hedatzeak senideen heriotza eragin duelako”.

Oraingoz, 3.268 familiak agertu dute auzibidean parte hartzeko asmoa, baina 116k egin dute dagoeneko, gainerakoek “orain arte ezin izan baitute” medikuaren heriotza ziurtagiria jaso eta familiartekoaren heriotza eta berorren arrazoiak egiaztatzea erabat beharrekoa da auzitara jotzeko.

Nafar legelariak aitortu du parte hartzen ari diren abokatuetako batzuk (gehienak madrildarrak dira) Vox alderdiko kideak izan direla, baina “nik dakidala orain bat ere ez da kidea”.  

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa