Gizartea -

Koronabirusa

% 45 hazi dira COVID-19aren kutsatzeak 10 urtetik beherakoen artean Euskadin

Are handiagoa izan da joan den apirilaren 26tik aurrera 10 eta 19 urte bitarteko neska-mutilen taldean zenbatutako kasu positiboen gorakada, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera.

10 eta 19 urte bitarteko neska-mutilen kasu positiboen gorakada % 64,6koa izan da. Argazkia: EFE
Haurrak eta familiak paseatzen
10 eta 19 urte bitarteko neska-mutilen kasu positiboen gorakada % 64,6koa izan da. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenera arte, 42 koronabirus kasu positibo zenbatu dituzte Euskadin 0 eta 9 urte bitarteko haurren artean, hau da, % 45 gehiago kutsatu dira apirilaren 26an kutsatutako 29 haurren aldean. Egun horretan, 14 urtetik beherakoei egunean ordubete kalera ateratzeko aukera eman zieten, alarma-egoerak ezarritako konfinamenduaren ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, are handiagoa izan da apirilaren 26tik aurrera 10 eta 19 urte bitarteko neska-mutilen taldean zenbatutako kasu positiboen gorakada. Apirilaren 26an 82 pertsona zeuden kutsatuta, baina orain kopurua 135era igo da, hau da, adin tarte horretako kutsadurak % 64,6 igo dira.

Gaur egun, 20 eta 29 urte bitarteko 1.108 pertsona kutsatu dira, hau da, % 48 gehiago apirilaren 26an zeuden 749 gaixoekin alderatuta. Aldi horretan, 30 eta 39 urte bitartekoen kopurua ere % 39 hazi da (1.833 gaur egun, eta 1.119, hilaren 26an).

Konfinamenduaren ondoren haurrei kalera irteten utzi zitzaienetik, hazi egin dira 40 eta 49 urte bitarteko pertsonen kutsatzeak 2.091tik 2.878ra. 50 eta 59 urte bitarteko kutsatuak 2.625 izatetik 3.528 izatera igaro dira, eta 60 eta 69 urte artekoak 1.979 izatetik 2.430 izatera.

70 eta 79 urte arteko gaixoak 1.857tik 2.061era igo dira, eta 80 eta 89 urte artekoak 2.332tik 2.587ra.

Azkenik, apirilaren 26an 1.349 COVID-19 kasu zeuden 90 urtetik gorako adinekoen artean, baina gaur egun kopuru hori 1.493ra igo da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak Erizaintza Koronabirusa