Gizartea -
Desarmearen alde
"Bakearen eraikuntzan emakumeen borroka" aldarrikatu dute Bilbon eta Gasteizen
"Konfinamenduan gure gizartearen militarizazioa areagotu" dela salatu dute talde feministek eta antimilitaristek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde feministek eta antimilitaristek elkarretaratzeak egin dituzte igande honetan Bilbon eta Gasteizen, Bakearen eta Desarmatzearen aldeko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, "bakearen eraikuntzan emakumeen borroka" aldarrikatzeko.
50 bat emakume bildu dira Bilbon, Arriaga Antzoki parean, Armiarma Talde Feministak eta Antimilitaristak proposatutako ekintza aldarrikatzailean parte hartzeko. Horrekin batera, Emakumeok Gerraren Aurka, Armiarma Talde Feminista Antimilitarista, Bilgune Feminista, Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionistak eta Sorginenea taldeek sinatutako adierazpena irakurri dute.
"Aurten, osasun krisiaren erdi-erdian, bakearen eraikuntzan emakumeek egindako borroka eta ekarpenak aldarrikatzeko berriro kalera ateratzeko beharra ikusten dugu", adierazi dute manifestu horretan, "baina baita konfinamenduan gure gizarte hurbilean izandako militarizazioa areagotu dela salatzeko".
"Gizartearen desmilitarizazioaren alde borrokatzen" jarraituko dutela ohartarazi dute, armagintza industria industria zibila bihur dadin, eta gastu militarretan egindako inbertsioa gastu sozialetan egindakoagatik ordezkatzeko.