Gizartea -
BIZKAIA
Gizon bat espetxeratu dute bere osabaren ustezko hilketagatik, Zornotzan
Rotabatorearekin baratzean lanean ari zela istripua izan zuela pentsatu zuten hasiera batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
39 urteko gizon bat espetxeratu dute, Zornotzan (Bizkaia) osaba ustez hil izana egotzita, biktima atzo hil ostean. Hasiera batean rotabatorearekin baratzean lanean ari zela istripua izan zuela pentsatu bazuten ere, ikerketak ustezko hilketa baten aurrean daudela pentsatzeko zantzuak eman dizkie, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Hasieran istriputzat jo zutena asteazken arratsaldean gertatu zen, Zornotzan. 66 urteko gizon bat Boroako baratze batean rotabatorearekin lanean ari zela zauritu zela zabaldu zen. Biktima larri zaurituta eraman zuten Gurutzetako Ospitalera, eta atzo hil zen.
Biktimaren ilobak eman zien larrialdietarako zerbitzuei istripuaren berri. Ertzaintzak ikerketa hasi zuen, eta haren iloba atxilotu zuen maiatzaren 21ean, ustezko hilketa egotzita. Joan den larunbatean, hilak 23, espetxera bidali zuen epaileak.