Gizartea -

KORONABULOAK

Ez, maskara erabiltzeak ez du hipoxiarik eragiten

Adituen ustez, maskarek itolarria sor dezakete, baina ez oxigeno-eskasiarik edota karbono dioxidoa arnasteagatik intoxikatzeko arriskurik.

hainbat herritar kaletik zehar maskara soinean jarrita dutela. Argazkia: EFE
hainbat herritar kaletik zehar maskara soinean jarrita dutela.
hainbat herritar kaletik zehar maskara soinean jarrita dutela. Argazkia: EFE

EFE VERIFICA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maskara erabiltzeak ez du hipoxia edo oxigeno-eskasiarik eragiten gizakiaren organismoan, WhatsApp bidez zein sare sozialetan zabaldutako hainbat mezuk kontrakoa badiote ere. Horrez gain,"norberaren karbono dioxidoa (CO) arnasteagatik intoxikatzeko arriskua" ere badagoela aipatzen da mezu horietan.

"Maskara luzaroan erabiltzeak hipoxia eragiten du", aurretiaz kanporatutako karbono dioxidoa (CO) arnastera behartzen duelako, eta horrek "odolean oxigeno falta, zorabioak, ondoeza eta neke handia" eragiten ditu. Hori da mezu horietako batean irakur daitekeen azalpena. Beste zenbaitetan, aipatutako sintomei "erreflexuen eta pentsamendu kontzientearen galera" eta "glukosaren deskonposizioa" gehitzen dizkiete.

Zer dakigu maskaren erabilerari buruz?

Maskarek itotze-sentsazioa sor dezakete, baina ez dago ebidentziarik haien erabilerak "hipoxia, organismoaren azidotzea edo norberaren CO-a arnastuta intoxikatzea" eragin dezaketela esateko. Hala baieztatu dio Jaime Barrio Madrilgo Medikuen Elkargo Ofizialeko (Icomem) Kontseilu Zientifikoko medikuak Efe albiste agentziari.

Barrioren esanetan, maskarek "ez dute eragozten airea pasatzea"; izan ere, maskarak egiteko erabilitako materialak "oxigenoa sartzea eta karbono dioxidoa kanporatzea" ahalbidetzen du.

Maskaren erabileraren aurka hedatutako mezu horietako zenbaitetan honako hau ere irakur daiteke; "Maskararekin edozein jarduera fisiko egiteak haren ondorio kaltegarriak larriki indartzen ditu". Horri buruz Barrio doktoreak azpimarratu du ez dela derrigorrezkoa maskarak erabiltzea kirola egiteko, baina erabil daitezkeela.

Nolanahi ere, ahoa eta sudurra estalita daudenez, airearen ohiko sarrera "mugatuta" dagoela zehaztu du, eta, ondorioz, kirola egiteko unean, "deserosoa" izan daitekeela eta "errendimendua murriztu" egin dezakeela.

Ildo beretik, Raquel Blasco medikuak, Barne Medikuntzako espezialista eta Valladolideko Medikuen Elkargoko bigarren presidenteordeak, Twitterren azaldu duenez, kirola egitean normala da "bihotz-maiztasun handiagoa izatea", eta, horregatik, "egokitze-fasean zorrotzegia ez izatea" gomendatzen du.

Blascok argi uzten du esfortzuari eta maskarari behar bezala egokituta egotearen garrantzia; izan ere, kasu horretan, "maskarak ez du erakutsi esfortzua egin bitartean aireztapen-maiztasuna murrizten duenik".

Hala ere, maskara erabiltzeak "itolarria" areagotzen duela, baina ez duela hipoxiarik eragiten berretsi du. Baieztapen hori babesteko, sei minutuko ibilaldi batean maskara erabiltzearen ondorioei buruz Frantziako eta Belgikako adituek 2017an egindako azterlan baten ondorioak aipatzen ditu: "Arnasa zailtasun handiagoz hartzen da, baina ez du murrizten ibilitako distantzia".

Estutasun sentsazioa, baina oxigeno faltarik ez

Bestalde, Antonio Blanesek, Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiko Zerbitzu Teknikoen zuzendariak, azpimarratu du erakunde horrek ez duela inoren ohartarazpenik jaso "maskarak erabiltzearen balizko eragin kaltegarriaz", hots, ez Munduko Osasun Erakundeak (MOE), ez Ameriketako Estatu Batuetako Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroek (CDC) ezta Espainiako osasun-agintariek ez dutela zentzu horretako abisurik bidali.

"Airea maskararen materialean barrena ibil daiteke, iragazten dena poroen tamainaren araberako partikula jakin batzuk baitira", zehaztu du Blanesek, Eferi egindako adierazpenetan.

Farmazian aditua denak argudiatu duenez, arnasteko zailtasunaren sentsazioa edukitzearen arrazoiak hainbat izan daitezke: "Ohitura eza, ordu askotan jarraian erabiltzea, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartu gabe maskarak berrerabiltzea edota zehaztapen teknikoak eta/edo legalak betetzen ez dituzten iragazkiak edo maskarak erabiltzea". "Giro-tenperaturak eta maskararen erabiltzailearen bero-sentsazio subjektiboak" ere eragin dezake.

Era berean, Blanesek AEBko Osasunerako eta Lan Segurtasunerako Institutu Nazionalaren (NIOSH) ikerketa bat ere aipatzen du. Horren arabera, bi orduz etengabe erabilitako maskara autoiragazle batek, lan-erritmo baxua edo moderatua duenak, "ez dirudi gorputzeko tenperatura zentrala aldatuko duenik, ezta lehen orduaren ondoren maskarako espazio hilaren berotasuna edo hezetasuna nabarmen handituko denik ere".

Osasun-agintariek ez dute erabileraren aurkako adierazpenik egin

Halaber, maskaren kontrako mezu horietako batzuetan honako beste hauek ere irakur daitezke: "Osasun agintariek eta MOEk baztertu egiten dute maskarak egunerokotasunean erabiltzea" edo "maskarak ez dira baliagarriak kutsatzea saihesteko, birusa ez delako airetik transmititzen".

Hori ere ez da egia, MOEk ez duelako baztertzen pertsona osasuntsuek espazio publikoetan maskarak erabiltzea. Dena den, gomendio batzuk eman ditu maskarak erabiltzeari buruz, eta gaineratu du maskara bat erabiltzea ez dela nahikoa babes-maila egokia emateko: "Beharrezkoa da beste neurri batzuk hartzea, hala nola urruntze fisikoa eta eskuen higienea", dio MOEk. Horrez gain, herrialde bakoitzeko osasun-agintariek pandemiaren bilakaeraren arabera gomendatzen dutenari egiten dio erreferentzia nazioarteko erakundeak.

Espainiaren kasuan, osasun-agintariek joan den ostegunetik, maiatzaren 21etik, ezarri dute sei urtetik gorakoek nahitaez erabili behar dituztela maskarak espazio publikoetan, aire librean edo itxian, baldin eta ezin bada bi metroko distantzia soziala mantendu; izan ere, Maldita Ciencia webgunean azaltzen dutenez, oztopo fisiko gisa jarduten dute gure organismoan arnasbideetatik (sudurra eta ahoa) sar daitekeen edozein birusen aurrean (dela SARS-CoV-2a dela beste bat), edozein delarik ere erabiltzen den maskara mota.

Euskal Irati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean egun hauetan, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Maskarak covid-19