Gizartea -

Ez da gaixotasuna

Oporren osteko sindromeak bi aste iraun dezake gehienez

Atsedenaldi luzeak izan ostean lanera itzultzean sortzen diren aldaketa fisiko eta asaldura emozional batzuen arteko nahasketa da.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oporren osteko sindromea izenaz ezagutzen dena astebetean edo bi astetan gainditzen da, eta, oro har, pertsonak inolako arazorik gabe ohitzen dira berriro euren egunerokora. Hori dela eta, adituek "psikopatologiarik" ez bilatzeko gomendatzen dute.

"Terapiak eta psikologoak patologia bat dagoenerako daude. Jendea ez da psikopatologizatu behar. Egun batzuk itxaron behar dira ea jendea laneko egunerokora ohitzen den berriro; normalean, gehienez ere, bi aste behar izaten dira horretarako", Vanesa Fernandez psikologoaren esanetan.

Oporren osteko sindromea atsedenaldi luzeak izan ostean lanera itzultzean sortzen diren aldaketa fisiko eta asaldura emozional batzuen arteko nahasketa da. Emozioei eragiten dieten sintomen artean, antsietatea, antipatia, gogorik eza eta tristura daude; "depresioak jota dagoen pertsona batek dituen moduko ezaugarriak", adituaren esanetan.

Sintoma fisiko ohikoenak, berriz, lo hartzeko zailtasuna, etengabeko nekea, maiz izaten diren buruko minak eta ondoeza (tentsio muskularra edo sabeleko mina eragin dezake) dira.

Hori saihesteko aholkuak

Lanera apurka-apurka itzultzea da gakoa. "Pertsonak apurka-apurka itzuli behar dira lanera, aldaketa asimilatu ahal izateko", esan du adituak.

Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzordeko arduradunen hitzetan, abuztuko azken astea eta iraileko lehenengoa oporren eta lanaren arteko trantsizioa egiteko sasoia izan beharko lukete.

Berriro egokitzeko sasoia igarota, ondoeza desagertu ezean, "komeni da aditu batengana jotzea", baina oporren osteko sindromeak bi aste baino gehiago iraunez gero, pertsona horrek oporrak hartu aurretik arazoren bat zuelako izan daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea