Gizartea -

Koronabirusa

Dagoeneko 20 dira Basurtuko Ospitaleko COVID-19 agerraldian kutsatutakoak

Osasun Sailak jakinarazi duenez, 9 profesional eta 11 paziente dira positibo eman dutenak. Txagorritxun, berriz, ez da positibo gehiagorik izan. Jaurlaritzak segurtasun-neurriak indartu egingo ditu.

Basurtuko Ospitalea. Argazkia: Efe
Basurtuko Ospitalea. Argazkia: Efe
20 positibo atzeman dira Basurtuko ospitalean sortu den koronabirus fokuaren ondorioz

2:04

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Bilboko Basurtu Ospitaleko COVID-19 agerraldiaren ondorioz kutsatutakoak 20 dira jada, atzo baino 10 gehiago. Guztietatik, 11 ospitaleko gaixoak dira, eta gainerako 9ak, profesionalak.

Murgak azaldu duenez, segurtasun neurriak indartu dituzte, eta kutsatutako guztiak daude isolatuta.

Bi positibo atzeman ondoren, guztira 230 PCR egin zaizkie kontaktu estuei. Emaitzen arabera, positiboen kopurua 20koa izan da (9 profesional eta 11 paziente) eta gainerakoak negatiboak izan dira.

Positibo guztiak isolamenduan daude, eta gainerakoei PCR proba errepikatuko diete datozen egunetan, osasun-egoera egiaztatzeko.

Txagorritxu

Bestalde, Txagorritxuko Ospitalean, Gasteizen, kontaktu estu, paziente eta profesionalei 102 PCR egin zaizkie guztira, eta soilik atzoko 4ek eman dute positibo (2 paziente, profesional 1 eta bisitari 1). Gainerako guztiek negatibo eman dute.

Gurutzetako Ospitalea

Azkenik, Gurutzetako ospitalean agerraldi berririk ba ote dagoen galdetuta, Murgak erantzun du positibo bakar bat izan dela, baina pertsona hori profesional eta paziente gehiagorekin egon denez harremanetan, hainbat pertsona isolatu dituztela. Osasun sailburuak azpimarratu du ez duela "agerraldi" maila, ez dagoelako ospitale barruan gaixotasuna transmititu den frogarik.

Eusko Jaurlaritzak segurtasun-neurriak indartu egingo ditu

Testuinguru honetan, Basurtun eta Txagorritxun izandako agerraldien ostean, Eusko Jaurlaritzak segurtasuna indartuko du, bai langileena baita gaixoena ere. Horretarako, hainbat neurri abiatuko ditu ondorengo egunetan; Jaurlaritzak ez du oraingoz zehaztu neurri horiek zeintzuk izango diren.

Arratsaldean, jarraipen-bilera egin dute Bilbon, Osakidetzan atzemandako ospitale barruko fokuen datuak aztertzea helburu. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izan da.

Topaketan, nabarmendu dute Osakidetzak berehala atzeman duela bi foku horien hasiera; hortaz, prebentziozko eta jarraipen-neurriak hartzeko aukera izan dute.

Bileran hainbat sailburu izan dira: Nekane Murga Osasun sailburua, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia, eta Ekonomia Garapen sailburu Arantxa Tapia. Osakidetzako zenbait profesionalek ere parte hartu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Bizkaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Koronabirusa