Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat larri zauritu dute Bilbon, labankadaz
Ertzaintza hiru susmagarriren bila ari da, erasoarekin zerikusia dutelakoan. Erasoa atzo izan zen, 22:30 aldera, Salazar Jeneralaren kalean.
Agentziak | Erredakzioa
24 urteko gizon bat larri zauritu dute bart Bilbon, kalean zegoela arma zuri batekin labankada emanda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostegun honetan jakitera eman duenez.
22:30 aldera eraso zioten biktimari, Salazar Jeneralaren kalean, Casilla pabiloitik eta zezen-plazatik oso gertu. Gazteari arma zuri batez eraso zioten, eta zauria egin zioten hanka batean, femoraletik gertu.
Bertaratu ziren agenteek tornikete bat egin zioten odoljarioa eteteko, eta medikuek bihotz-biriketako bizkortzea egin zioten.
Gizona, Basurtuko Ospitalera eraman zuten, odol asko galdu baitzuen.
Ertzaintza hiru susmagarriren bila ari da, erasoarekin zerikusia dutelakoan. Ildo horretatik, hipotesi guztiak zabalik daude; horietako bat, balizko lapurreta batena.