Gizartea -
2. ebakuntza hiru hilabetetan
Erregea ospitaletik atera da, ebakuntza izan ostean
Akilesen zainean zuen haustura sendatu diote, autoinjertoa eginez, eta "osasun egoera onean dago".
Erredakzioa
Joan Karlos I.a Espainiako Erregeari ebakuntza egin diote goizaldean “arrakasta handiz”, Akiles zainean zuen haustura bat sendatzeko. Ezker oineko zaina berritu eta autoinjerto batez indartu diote. "Osasun egoera onean dago, Zarzuela Jauregian, eta han jarraituko du errekuperazioa".
USP San Jose Ospitaleko Traumatologia Unitateko zuzendariak, Angel Villamorrek, eta Errege Etxeko Osasun Zerbitzuetako buruak, Avelino Barrosek, ebakuntza egin ondoren kaleratutako parte medikoaren arabera, Villamorrek zuzendutako mediku talde batek egindako ebakuntza “anestesia epidurala erabiliz egin da eta arrakasta izan du".
Ebakuntzaren iraupenaz ezer baieztatu ez badute ere, medikuen arabera, horrelako ebakuntza bat egiteko ordu eta erdi bat behar da.
Ekainaren 3an Villamor medikuak eskuin belaunean protesi bat jartzeko egin zion ebakuntzaren ostean ez bezala, oraingoan ez du ospitalean gelditu behar izan. Atzo, 21:15ean sartu zen, eta 07:30 aldera irten da gaur.
Erabat sendatzeko hilabete batzuk egin beharko ditu errehabilitazioan, baina baliteke Estatuko buruak aste honetan bertan ekitea berriro bulegoko lanari eta iraila bukatu baino lehen, agenda ofizial publikoari.