Gizartea -

KORONABIRUSA

Eibarko bi taberna itxi dituzte, langile batek COVID-19an positibo eman ondoren

Bestalde, Orioko eguneko zentroko pertsona batek ere koronabirusa atzemateko proban positibo eman duela baieztatu du Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko eledunak.

Eibarko bi taberna itxi dituzte, langile bati koronabirusa atzeman eta gero

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eibarko bi taberna itxi zituzten atzo, horietako batean lan egiten duen langile batek COVID-19a duela baieztatu eta gero. Antza, gizonezkoa ez zen lokal horietako ohiko langilea, baina tarteka laguntzen aritzen zen.

Beste enpresa batean du lantokia, eta han izandako istripu arin baten ondoren erietxera joan zenean egin zioten koronabirusa atzemateko proba. Positibo eman zuen eta gizonezkoak berak zabaldu zuen albistea sare-sozialen bidez.

Berria zabaldu orduko, Eibarko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gizonezkoak tarteka lan egiten zuen taberna ixtea erabaki zuten, eta, bere etxeko batek lan egiten duen beste bat ere bai, badaezpada.

Bestalde, Orioko eguneko zentroko pertsona batek ere koronabirusa atzemateko proban positibo eman duela baieztatu zuen atzo Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko eledunak.

Emaitzaren berri izan eta berehala, protokoloa martxan jarri zutela esan zuen Mendozak, eta kutsatutako pertsonaren inguruko kontaktu guztiak identifikatuta dituztela esan zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gipuzkoa Eibar Gizartea Eguneko albisteak Orio Albisteak Donostia Ospitalea Koronabirusa