Gizartea -
Iaz baino gutxiago
Eskolara itzultzeak batez beste 897 euro balio izango du Euskadin
Ikastetxe pribatuek % 7 jaitsi dituzte euren tarifak krisi ekonomikoa dela eta, hitzartutakoetan prezioak bere horretan mantendu dira eta publikoetan, berriz, % 1,5 igo dituzte.
Erredakzioa
Eskolara itzultzea Espainiako familiei batez beste 796 euro kostatuko zaie ume bakoitzeko, iaz baino % 3 gutxiago. Hala ere, ikasgeletara itzultzea autonomia erkidegoaren eta ikastetxe motaren (publikoa, hitzartutakoa edo pribatua) arabera garestiagoa edo merkeagoa da.
Erkidegorik garestienak Madril, Katalunia eta Valentzia dira, eta merkeenak, Errioxa, Kanariak eta Galizia. Zentro publiko batean batez besteko gastua 520 eurokoa da, hitzartutakoetan 773 eurokoa eta pribatuetan 1.095ekoa.
Erabiltzaile eta kontsumitzaile independenteen federazioak gaur aurkeztutako datu batzuk izan dira horiek. Espainian 200 ikastetxe publiko, hitzartu eta pribatu aztertu ditu.
2010 urteko datuekin alderatuta, % 3 jaitsi dira gastuak, federazioaren arabera. Ikastetxe pribatuek % 7 inguru jaitsi dituzte euren tarifak krisi ekonomikoa dela eta, hitzartuetan prezioak bere horretan mantendu dira eta publikoetan, berriz, % 1,5 igo dituzte.
Eskola pribatuetan eta hitzartuetan matrikula doakoa den arren, azkeneko horietan kurtsoaren hasieran diru kantitate bat kobratzen dute, normalean 200 euro izan ohi dira. Ume bat zentro pribatu batean matrikulatzeak, batez beste, 248 euroko kostua du.
Liburuen mailegua (ume batzuek erabilitako liburuak beste batzuei uzten dizkiete ikasturtea bukatutakoan) indarrean dago Gaztela-Mantxan, Aragoin, Galizian eta Errioxan.
Kanaria Uharteetan eta Andaluzian (ez derrigorrezko hezkuntzaren maila guztietan) ere martxan dago sistema hori. Katalunia, Euskadi eta Extremadura dira horretan gehien atzeratu diren erkidegoak.