Gizartea -
Migratzaileak
Hamar lagun atxilotu dituzte Bilbon, migratzaileak Frantziara eramatea egotzita
Legez kanpo iritsitako migratzaileak Bizkaiko hiriburuan jaso eta Donostia edo Irunera eramateaz arduratzen ziren, gero handik muga igarotzeko.
agentziak | erredakzioa
Sahara hegoaldetik Bilbora iristen ziren legez kanpoko migratzaileak hartu eta Frantziara eramaten zituen sare bat desegin du Espainiako Poliziak Bizkaiko hiriburuan.
Guztira 10 lagun atxilotu dituzte bertan. Legez kanpo iritsitako migratzaileak Bizkaiko hiriburuan jaso eta Donostia edo Irunera eramateaz arduratzen ziren, gero handik muga igarotzeko. 150-200 euro artean kobratzen zioten migratzaile bakoitzari zerbitzuagatik.
Pertsona batek salatu zuen Bilbon bazegoela talde bat Sahara hegoaldetik iritsitako migratzaileekin trafikoa egiten zuena.
Polizien arabera, talde horrek garraio publikoko geltokietan jasotzen zituen Espainiako Estatuan legez kanpoko sartzen ziren migratzaileak, eta Frantziako Estatuko ibilbidea errazten zieten.
Normalean harrera lekuetara iritsitako migratzaileak ziren bezeroak, eta taldearen helburua zen ahal zen azkarren eramatea mugara, ahal zen denbora gutxien egon zitezela Bilbon.
Ipar Euskal Herrian beste talde batek hartzen zuen lekukoa, eta beste hiri batzuetara eramaten zituen migratzaileak.
Atxilotuek Espainiako Estatuarekin lotzen zituzten dokumentu guztiak (mediku agiriak, erosketa fakturak…) suntsitzea gomendatzen zieten migratzaileei, eta Frantziako poliziak geratuz gero Espainia aipatu ere ez egiteko trebatzen zituzten, horrela Espainiako Estatura itzul ez ditzaten.
Polizia-operazioa 10 atxiloketarekin itxi dute. Gaizkile taldeko kideak izatea eta atzerriko herritarren eskubideen aurkako delituak leporatzen dizkiete.
Gainera, bi etxebizitza miatu dituzte Bilbon, eta ordenagailuak, sakelako telefonoak eta dokumentazioa atzeman dituzte.