Gizartea -
Euskadi
Nazioarteko mugimendu gutxiko eta barne mugimendu handiko uda aurreikusi du Trafikok
Euskal Autonomia Erkidegoan eta EAEko erkidego mugakideetan zirkulazio fluxu handiagoa espero dute.
Agentziak | Erredakzioa
2020ko oporretarako irteera eta itzulera operazioak ibilgailuen barne mugimendu gehiago izango du Euskadin eta erkidego mugakideetan, eta nazioarteko trafiko gutxi, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren arabera.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak eta Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariak aurtengo udako irteera eta itzulera operazioa aurkeztu dute ostiral honetan Bilbon.
Azaldu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta EAEko erkidego mugakideetan (Errioxa, Kantabria, Nafarroa, Burgos eta Ipar Euskal Herria) zirkulazio fluxu handiagoa espero dute.
Nazioarteko zirkulazioaren kasuan, aldiz, aurreikuspen bat egitea zaila egiten zaiela aitortu dute, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera baten aurrekaririk ez dagoelako.
Hori dela eta, nazioarteko trafikoa gertatuz gero, intentsitate txikikoa izatea espero dute, batez ere Europako iparraldetik Portugalera etor daitekeena.
Zalantza da Marokok muga irekitzea erabakitzen duen, oraingoz, itsasartetik igarotzeko operazioa bertan behera utzi baitu.
Hala eta guztiz ere, Segurtasun Saila prest dago Marokorekin mugak irekitzeko, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz informazio espezifikoa duen dispositibo batekin.
Horrela, Marokon mugak irekitzen badira eta ibilgailuen nazioarteko fluxua Euskadi zeharkatzen hasten bada, seinaleak indartuko dira informazio-kartel eta -liburuxken bidez AP-8 eta AP-1eko zerbitzuguneetan. Horietan, eskuak garbitzeko, maskara erabiltzeko eta segurtasun-distantziako gomendioak gogoraraziko dira.
Euskal errepide-sareko puntu kritikoak oporraldietako ohikoak izango dira: A-8 autobidea Kantabriarako noranzkoan, AP-8 autobidea mugaldean, AP-1 autobiderako sarbidea A-1 autobidetik Armiñonen, eta AP-1 eta N-622 errepideen arteko lotura Gasteizerako noranzkoan eta N-622 eta A-1 errepideen artean Burgoserako noranzkoan.
Irteera operazioan, asteburu kritikoenetan seinaleztapen berezi bat izango da AP-1 autobidearen irteera Etxabarri Ibiñan N-622 errepidearekin lotzeko, Gasteizerako noranzkoan, eta, aldi berean, Gasteizen, N-622 errepidearen eta A-1 errepidearen arteko lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan.
Armiñongo lotunean, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleztapen bat jarriko dute, A-1 errepidearekiko paraleloan doan N-1 errepidea erabiltzea gomendatzeko, Argantzunen eta Armiñongo AP-1erako sarbidearen artean.
Itzulera operazioan, seinaleztapen bereziko dispositibo bat jarriko dute AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan, Armiñongo lotunean trafikoa arintzeko. Bertan, konoen bidez, A-1eko hiru erreietako bat utziko zaie AP-1etik sartzen diren ibilgailuei.
Ertzaintzaren 550 trafiko-agentek segurtasuna eta ibilgailuen arintasuna zainduko dute errepidean.
Iaz, 2019ko uztaila eta abuztua bitartean, sei pertsona hil ziren Euskadin zirkulazio-istripuetan.
Kopuru hori murrizten saiatzeko, Trafiko Zuzendaritzak "Berriro atera" sentsibilizazio-kanpaina prestatu du. Kanpaina horrek gidatzeko erantzukizuna eskatzen du, mugikortasun-murrizketen aldi baten ondoren, istripuak murrizteko helburuarekin. Kanpaina irratian, telebistan eta sare sozialetan zabalduko da.