Gizartea -
Bizkaia
Duela urtebete desagertutako 85 urteko gizon baten gorpua topatu dute Bilbon
Gorpuzkiak ekainaren 12an aurkitu zituzten Beitin, Larraskitun, eta hezurren azterketak hildakoaren nortasuna baieztatu du.
eitb.eus
2019ko ekainean desagertutako 85 urteko gizon bat hilik topatu dute Bilboko landa-gune batean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Gorpuzkiak ekainaren 12an aurkitu zituzten Beitin, Larraskitun, eta hezurren azterketak hildakoaren nortasuna baieztatu du.
2019ko ekainaren 26an desagertu zen. Goizean etxetik atera zen Arabellan (Bilbon), ile-apaindegira joateko asmoarekin, baina sekula ez zen bertara iritsi.
Desagertu zen egunean alerta laranja aktibatu zuten tenperatura altuengatik. Bilaketan salbamenduko txakurrak parte hartu zuten, baina bero handiak lana asko oztopatu zuen.
Lau eta sei pertsonako taldeetan banatuta, Errekalde, San Inazio, Santutxu, Txurdinaga, Miribilla, Zazpikaleak eta Abusun arakatu zituzten.
Senideen esanetan, 10:00etan irten zen etxetik ile-apaindegira joateko.
Erizainarekin hitzordua zuen hankan zuen zauria artatzeko, baina ez zen azaldu ez ile-apaindegira ezta arratsaldeko hitzordura ere.
El Correo egunkariak zehaztu duenez, gizonak zahartzaroko dementzia eta alzheimerra zituen.