Gizartea -
Koronabirusa San Fermin
Nafarroako Gobernuak Iruñera ez joatea eskatu du, San Ferminak ez direlako ospatuko
"Jendetza pilatzeko arriskua" saihestu nahi dute, egoera arrunt batean, Iruñea beteta egongo litzatekeen egunetan.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak "euste-neurriak" eskatu dizkie garraio enpresei, Iruñera uztailaren 6tik 14ra bidaiariak hurbilduko dituzten aparteko zerbitzuak geldiarazteko, eta era berean, inguruko erkidegoetako hirietan Iruñeak ez dituela aurten sanferminak ospatuko gogoratzea eskatu du.
"Jendetza pilatzeko arriskua" saihestu nahi da, egoera arrunt batean Iruñea beteta egongo litzatekeelako eta aurten COVID-19ren transmisio-arriskua minimizatzeko ahalik eta bisitari gehien ekidin nahi direlako, jaiak bertan behera geratu direlako eta herritarren artean kutsadurak gora egiten jarraitzen duelako.
Modu honetara, Javier Remirez Gobernuko presidenteorde eta kontseilari bozeramaileak prentsaurrekoan baieztatu duenez, azken 24 orduetan 5 kasu positibo berri izan dira, PCR proben ondorioz, eta pertsona bat baino ez dago ZIUn koronabirusarekin, ospitaleratze berririk eta "zorionez" hildako gehiago eragin ez dituena.
Azken egunotan Sunbillan atzemandako agerraldia "kontrolatutzat" jo du sailburuak, gaur egungo egoeraren inguruan, eta alarma-egoera amaitu eta erkidegoen arteko mugikortasuna askatzearen beldur, "arriskua" zegoela aitortu du, eta horri "arauak orain inoiz baino gehiago betez" erantzun behar zaiola.
Hortaz, Sanferminak ospatuko diren egunak laster iritsiko direnez (aurten bertan behera geratu dira), Nafarroako Gobernuak hiriarteko garraioaren ardura duten enpresetara zuzendu du mezua, "uztailaren 6tik aurrera Iruñera gerturatzen diren bidaiariak ardura izatea" eskatu du.
"San Fermin jaiak bertan behera geratu diren arren, badago aglomerazioak sortzeko arrisku hori", eta, testuinguru horretan, enpresa horiei eskatu zaie ahal den neurrian Iruñerako bidaien eskaintza murriztea, "beharrezkoak diren joan-etorriak salbu".
Gainera, Remirezek iragarri du, bere gobernuak sanferminetako bisitarien jatorri ohikoenetako –hiru euskal hiriburuetako, Logroñoko, Soriako eta Zaragozako eta Nafarroa osoko herrietako– agintariei "San Fermin jaietarako deialdirik ez dagoela eta beren herrietan egoteko eskatzen zaiela" jakinarazteko asmoa du.
Era honetara, Foru Gobernutik "erantzukizunaren aldeko deia" egiten zaie herritarrei, are gehiago azken egunotan kasu kopuruak gora egin duenean eta Europar Batasuneko herrialde jakin batzuen barruan mugikortasunerako mugak irekitzen direnean.
Horren harira, bisitariei Nafarroara joateko deia egin die, "ongi etorriak direlako, baina Osasun Publikoaren jarraibideak guztiok jarraitu behar ditugu", eta modu berean, Foru Erkidegotik kanpo joaten diren nafarrei ere zuzendu die mezua, autonomia erkidegoen eta bidaiatzen duten herrialdeen "jarraibideei" kasu egin diezaieten.