Gizartea -
Wikipedia euskaraz
Euskarazko Wikipediak ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ jarri du martxan
Euskal Wikilarion Kultura Elkarteak hiru ardatz dituen WikiBizi proiektua garatu du. Lehenengoa ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ da, bigarrena, argazki -lehiaketa bat,eta hirugarrena hainbat ekintza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Covid-19ak sortutako egoera berrian euskal lurraldearen ezagutza handitzeko Euskal Wikilarion Kultura Elkarteak hainbat ekimen jarri ditu martxan euskarazko Wikipedian. Horietako bat ekarpenei irekia dagoen ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ da, argazki-lehiaketa bat eta leku kulturaletara bisitak edo ibilbide gidatuak.
Kultura eta Politika Linguistikoaren Departamentuarekin adostutako akordioaren markoan, Euskal Wikilarion Kultur Elkarteak hiru ardatz dituen WikiBizi proiektua garatu du. Lehenengoa wikilari guztien ekarpenetara irekia dagoen ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ da; bigarrena uztailaren 1ean hasi den argazki-lehiaketa bat; eta, hirugarren ardatza, datozen hilabetetarako hainbat plan eta ekimen eskaintzea dira, hala nola ibilbide fotografikoak, izaera dokumentaleko irteerak edota museoetara bisitak.
Iniziatiba horren lehen pausua ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ osatzea izan da. Wikilari guztiak beraien ekarpenak egitera gonbidatuta daude, eta gida horrek, herri guztien informazioa jasotzeaz gain, oinez egiteko ibilbideak ere eskaintzen ditu.
Bigarren ardatza argazki-lehiaketa bat da. Uztailaren 1ean hasi eta irailaren 30era arte izango da parte hartzeko aukera, hiru kategoria desberdinetan: Natura, Ondarea eta Kultura.
WikiBizi proiektuaren azken ardatza udaran zehar izango diren ekintzek osatzen dute. Euskal Wikilarion Kultura Elkarteak ibilbide fotografikoak, izaera dokumentaleko txangoak edota museoetara bisitak antolatuko ditu.
Wikipedia euskaraz
Euskarazko Wikipediak 362.000 artikulu inguru biltzen ditu, eta lanegunetan 100.000 bisitatik gora jasotzen ditu. Aldi berean, artikuluen sakontasunari dagokionez, lehenengo 40 Wikipedietan sailkatzen da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Politika Linguistikoaren Departamentuak 2017an berritu zuen Euskal Wikilarion Elkartearekin zuen akordioa. Aliantza horren helburua euskarazko Wikipedian aurki daitezkeen kalitatezko artikuluak bultzatzea zen, eta horri eskerrak, “kalitate salto handia” eman du euskarazko Wikipediak azken urte hauetan.