Gizartea -
Olarizu
Olarizu eguna ospatuko dute gaur Gasteizen
Hiriaren mugarrietara bisita egin ondoren Olarizuko zelaietan festa nagusituko da.
Erredakzioa
XIX. mendetik hona, iraileko Andre Mariaren ondorengo lehen astelehenean, erromeria egin ohi da Gasteizko hegoaldean dauden Olarizuko zelaietan, Olarizuko muino gaineko gurutzera igotzeko. Goiz horretan bertan udalerria mugatzen duten mugarrien urteko ibilbidea egiten du udalbatzak; alkatea basozain nagusi eta talde buru dela.
Aurtengo ibilaldiaren abiapuntua Andolluko mugarria izango da. Jarraian, bederatzi kilometroko txangoa Gasteizko 39 mugarritatik pasako dira, besteak beste, Burgelu, Aberasturi eta Trokoniz herrietan daudenetatik. Udal ordezkariak eta hala nahi duten gasteiztarrek elkarrekin ibilaldia egin eta gero, Olarizuko zelaietara pasatuko da festa. Babarrun janarekin hasiko da egitaraua eta ez dira faltako ez musika ezta haurrentzako jolasak ere.
Arratsaldean, jolasak eta aisialdiko jarduerak egongo dira familiako kide guztientzat. Erromeria horrekin udako zikloa amaitu eta bildutako uzta eskertzeko nekazarien erritua betetzen da.
Milaka lagun joan ohi dira Olarizu mendi inguruko belardietara, eguna jai giroan pasatzeko asmoz.