Gizartea -
Geldialdi teknikoa
Legez kanpo arrantzatutako 122 kilo hegalabur atzeman dituzte Hondarribian
Ontziko patroi arrasatearrari 601-60.000 euroko isuna ezar diezaiokete. Atzemandako arraina ongintzako elkarteen eskuetan utzi dute.
Agentzia | Erredakzioa
Legez kanpo arrantzatutako 122 kilo hegalabur atzeman zituen Guardia Zibilak ekainaren 27an, Hondarribian (Gipuzkoa). Arraina geldialdi teknikoan harrapatu zuten, eta pertsona batek zakuetan sartuta zeraman. Gainera, egun berean beste arrantzale bat salatu zuten, hegaluze gehiegi arrantzatzeagatik, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzak jakitera eman duenez.
Gipuzkoako Itsas Zerbitzuko kideek Hondarribiko kirol portuan pertsona bat ikusi zuten ekainaren 27an, gauean, ontzitik zenbait zaku ateratzen.
Zaku barruan atungorri handi baten zatiak (bururik eta hegalik gabe) zeramatzala egiaztatu ondoren, Frantziako matrikula zuen ontzia miatzeari ekin zioten guardia zibilek. Ontzi barruan arrainen hondakinak eta hiru kanabera eta txirrita topatu zituzten, tamaina handiko espezieak arrantzatzeko egokiak. Antza denez, kostaldetik 19 miliara ibili zen arrantzuan.
Itsas Arrantzaren 3/2001 Legea eta hegalaburraren arrantzurako 46/2019 Errege-dekretua urratzea leporatuta, ontziko patroi arrasatearrari 601-60-000 euroko isuna ezar diezaiokete. Geldialdi teknikoko epean arrantzatzea, harrapakina ezkutatzeko zatikatzea, baimenik gabeko toki batean ordutegitik kanpo porturatzea eta zimarroia lehorreratzeko abisurik ez ematea egotzi diote.
Atungorria Pasaiako portuaren lonjan pisatu zuten: 122 kilo. Era berean, atzemandako guztia Izan-Proyecto Hombre Fundazioa eta Madre Pilar Izquierdo Haurreskola ongintzako elkarteen eskuetan utzi zuten.
Higer lurmuturra
Egun berean, beste ontzi bat miatu zuten Higer lurmuturretik 4 miliara. Lizentzia bakoitzeko hegaluze eta moja kopuruaren muga gainditu zuen arrantzaleak. Dirudienez, behar baino 20 pieza gehiago harrapatu zituen.
Atungorriaren arrantzuari dagokionez, denboraldia ekainaren 16an hasi zen, baina kontrolerako geldialdi teknikoa ezarri zuten ekainaren 24an, Arrantza eta Akuikultura Antolakuntza zuzendari nagusiak aginduta. Horregatik, hegalaburra arrantzatzea, ontziratzea eta lehorreratzea debekatuta zegoen.