Gizartea -
2011-2012 ikasturtean
Jaurlaritzak 97 milioi bideratuko ditu hezkuntzako bekak ordaintzeko
Ikasle kopurua nabarmen hasi da eta krisiak familien diru-sarreretan eragin garrantzitsua izan du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak aurreko urteetan baino beka gehiago ematea erabaki du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 97 milioi euro bideratuko ditu ikasturte honetan unibertsitate eta unibertsitatez besteko hezkuntzako bekak ordaintzera, orain hiru urte baino % 32,5 gehiago. Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak Gobernuak egingo duen "aurrekontu ahalegina" azpimarratu du. Krisi ekonomikoaren ondorioetako bat beken eskaeraren igoera izan dela gaineratu du Celaak.
Sailburuaren azalpenaren arabera, ikasle kopurua nabarmen hasi da eta krisiak familien diru-sarreretan eragin garrantzitsua izan du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak aurreko urteetan baino beka gehiago ematea erabaki du.
Celaaren hitzetan, gizarte politiketan murrizketarik egin behar izanez gero, Hezkuntza izango da murrizketa horiek jasaten azkena.
Unibertsitatez besteko bekak ordaintzeko 53 milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak ikasturte honetan, 2008-2009ko aurrekontua baino hiru milioi gehiago. Azpimarratu duenez, ikaslegoaren % 33k bekak jasotzen dituzte.
Orotara Euskadin 121.809 bekadun daude unibertsitatez besteko arloetan.
Gehien bat jantokirako laguntzak (% 66,3) edo materiala erosteko bekak (% 26,2) eskaintzen ditu Jaurlaritzak.
Unibertsitateko bekak ordaintzeko 43,9 milioi euro bideratuko ditu Gobernuak 2011-2012 ikasturtean, orain hiru urte baino % 53 gehiago.