Gizartea -
Sutea
Zauriturik gabeko sute batek kalte larriak eragin ditu Iruñeko etxe batean
Igande arratsaldeko 18:50 aldera jaso ziren Caldereria kaleko 36 zenbakiko etxe batean sute baten berri ematen zuten lehen deiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Igande arratsaldean izandako sute batek kalte larriak eragin ditu Iruñeko etxebizitza batean, baina ez da inor zauritu.
Igande arratsaldeko 18:50 aldera hainbat lagunek 112 SOS Nafarroa telefonora deitu zuten Caldereria kaleko 36 zenbakiko lehen pisutik ke beltz ateratzen ari zela jakinarazteko. Une horretan bertan, Trinitarios parkean zeuden Iruñeko udaltzainak eta anbulantzia bat bidali zituzten sutan zegoen etxera.
Etxearen jabeak ez zeuden etxean, eta, horrenbestez, agenteek atea ireki behar izan zuten. Atera irekitakoan ikusi zuten sua sukalde-egongelan sortu zela eta etxetresna elektrikoak, altzariak eta tresneria guztia erre zela. Gainerako geletan ere kalteak eragin zituen keak eta suak eragindako beroak. Lehen ikerketen arabera, sutea zirkuitulabur batek eragin omen zuen.
Ez zen inor zauritu, eta aurrez bideratutako anbulantziak ez zuen esku hartu behar izan. Suhiltzaileek, berriz, hiru katu atera zituzten etxebizitzatik.