Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetzak 900 pertsonari egin die PCR proba Ordizian

Proben % 10en emaitzak ezagutu eta gero, oraingoz ez da kasu positibo berririk atzeman. Behin betiko emaitzak hurrengo orduetan ezagutuko dira.

Ordizia. Argazkia: EiTB
Ordizia.
900 PCR egin dituzte Ordizian; positiborik ez lehen 91 emaitzen artean

1:44

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak 900 pertsonari egin dizkie PCR probak Ordizian astelehen honetan, azken egunetan atzemandako koronabirus agerraldiaren ostean. Etxezarreta kaleko taberna zonalde batean egon diren edo horiekin lotura izan duten pertsonak dira. Astelehen honetako proben % 10en emaitzak ezagutu eta gero, oraingoz ez da positibo gehiagorik atzeman. Nolanahi ere, behin betiko emaitzak hurrengo orduetan ezagutuko dira.

10:00etan hasi dira ehunka herritar Barrena parkean jarri dituzten hamar karpatan detekzio-probak egiten, eta ilara luzeak eratu izan dira. Bost minutuan, batez beste lau proba egin ditzakete bertan. PCR proba egin dutenei telefonoz jakinaraziko diete positibo edo negatibo eman duten. 

Neurri hori beharrezkotzat jotzen den bitartean egongo da martxan. Osasun arloko hamar profesional arduratzen dira laginak hartzeaz eta desinfektatzeaz; horri esker, batez beste bost PCR proba egin daitezke minutuko.

Nekane Murga Osasun sailburua bertan izan da goizean, egoeraren berri bertatik bertara jasotzeko asmoz. Murgak "ardura" eta PCR proba egitera joateko eskatu die kaltetutako lokalak bisitatu dituzten herritarrei, eta, halaber, "agerraldiari aurre egiteko herritarren laguntza" eskatu du.

"Datozen orduetan jakingo dugu foku horrekin lotuta kasu gehiago dauden edo ez. Probetan positibo eman duen pertsona bakoitzeko 18-20 kontaktu estu inguru identifikatu ditugu, eta horiei guztiei koarentenan egoteko eskatu diegu, PCR proba berriro egin arte", azaldu du Murgak.

Murgak herritarrei laguntza eskatu die Ordiziako agerraldia geldiarazteko
Murgak herritarrei laguntza eskatu die Ordiziako agerraldia geldiarazteko
Murgak herritarrei laguntza eskatu die Ordiziako agerraldia geldiarazteko

Azken orduetan, Etxezarreta kaleko lau taberna itxi dituzte, langileek PCR proban positibo eman ondoren. Azken egunetan, gutxienez zazpi pertsonak eman dute positibo.

Bestalde, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez, ostalaritza-establezimendu horietako ohiko bezeroek eta langileek izango dute PCR probak egiteko lehentasuna; izan ere, taberna horietara sartu gabe kaletik pasatu direnek ez dute batere arriskurik.

Dena dela, Etxezarreta, Santa Maria eta Kale Nagusia bart berriz desinfektatu dituzte, segurtasun-neurri gisa, Gipuzkoako Udalak zehaztu bezala. Alkateak ez du baztertu neurri gehiago ezarri beharra. Anbulatorioko langileekin eta Osasun Sailarekin zehaztu du jarraitu beharreko protokoloa.

943 007 635 telefonoaren bidez, Ordiziako osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu die Segurtasun Sailak larunbatetik (ekainak 27) inguru horretan izan diren herritarrei, PCR proba egiteko hitzordua eskatzeko.

Bestalde, beste herri batekoa izanik ekainaren 27az geroztik zonaldean izan direnak Osasun Kontseiluarekin harremanetan jarri beharko dira: 900 20 30 50.

Sukarra, eztula edo arnasa hartzeko zailtasunik izanez gero, etxean isolatu eta osasun-zentrora deitzeko eskatu diete herritarrei, lasaitasunerako deia egin du, eta horrelako neurriak "prebentziozkoak baino ez" direla azpimarratu du, kutsatze berriak saihesteko eta transmisioa lehenbailehen atzemateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea gorde ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Ordizia Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa