Gizartea -

1978ko Sanferminak

Ehunka lagunek krabelinekin omendu dituzte Rodriguez eta 1978ko zaurituak

SF78 Gogoan plataformatik egia juridikoa eta kontrastatua eskatu dute eta gizarte aske, demokratiko eta justu baten oinarria hori dela uste dute

Omenaldia German Rodriguezen hilarria izan da. Argazkia: Twitter @SF78gogoan
Omenaldia German Rodriguezen hilarria izan da.
German Rodriguez eta 78ko Sanferminetako gainerako biktimei omenaldia Iruñean

0:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsona hurbildu dira gaur, uztailak 8, German Rodriguezen omenez, Orreaga etorbidean dagoen hilarrira. Poliziak tiroz hil zuen Rodriguez 1978ko uztailaren 8an, Iruñean, eta egun batzuen ondoren, Donostian, Joseba Barandiaran erail zuen Polizia Armatuak. Gainera, hainbat lagun zauritu zituzten egun haietan. Elkarretaratzea pertsona horiei guztiei omenaldia egiteko deitu dute.

German Rodriguezen omenez jarritako hilarrira hurbildu dira ehunka lagun eta krabelinak utzi dituzte bertan 1978an zauritu eta hil zituzten guztien omenez. Aurten, gainera, hilarriaren alboan COVID-19ak jota berriki hil den Antonio Salinasen (SF78 Gogoan plataformako kidea) argazki bat zegoen.

Ramon Contrerasek, SF78 Gogoan plataformako ordezkariak, azaldu du bizi den osasun egoera dela eta, aurten, aurreko urteetako jende pilaketak ekiditen saiatu direla, baina onartu du itxaropen guztian gainditu dituztela: "jende asko etorri da, erantzunak garrantzitsua izaten jarraitzen du".

Contrerasek baieztatu du gertaera bizi izan zuten belaunaldiez gain, geroz eta gazte gehiago hurbiltzen direla ekitaldira.

Poliziaren jardunak suposatu zuen "eraso eta astakeria" salatu du eta gaineratu du egoera larriagoa dela inpunitatearen ondorioz; izan ere, "42 urtean Espainiako Gobernu bakar batek ere, edozein koloretako zela, ez dio publikoki barkamenik eskatu gizarteari astakeria harengatik"

"Gizarte aske, demokratiko eta justu batean oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko beharra dago, eta gertaera haren arduradunak ez epaitzea, oraindik bizirik egonda, askatasunez bizitzearen eta gizarte demokratiko bat eraikitzearen eskubideak ukatzea da", adierazi du.

Plataformatik esan dute ez dutela inolako interesik 42 urteren ostean 80 urteko pertsonak kartzelara sartzeko, baina, benetan gertatu zenaren "egia juridikoa, egia oinarritua eta kontrastatua" eskatu dute, gertatu zenaren egiazko bertsioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak