Gizartea -

Koronabirusa

Gipuzkoako erizainek maskara erabiltzeko deia egin dute

Adierazi dute, Gipuzkoa dela maskara gutxien erabiltzen den Estatuko lurraldea, eta gogorarazi dute maskarak erabiltzea funtsezkoa dela beste agerraldi batzuk saihesteko, Ordizian gertatutakoa kasu.

Ordizian probak egiteko ezarri dituzten karpak. Irudia: EFE.
Ordizian probak egiteko ezarri dituzten karpak
Ordizian probak egiteko ezarri dituzten karpak. Irudia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) dei egin die Gipuzkoako herritar guztiei ez erlaxatzeko eta kalera irtetean erantzukizunez jokatzeko. Era berean, maskara erabiltzea eskatu du, neurri hori ezinbestekoa baita guztion osasuna bermatzeko eta Ordizian izandakoa bezalako agerraldiak saihesteko.

 “Haurrez osatutako gizarte gisa jokatzeari utzi behar diogu, non badirudien bakoitzak atzetik poliziakide bat izatea behar dugula. Gipuzkoarrok solidarioak eta arduratsuak izateko ospea dugunez, hala dela erakusteko garaia da, eta ohar gaitezen maskara erabiltzearena ez dela inposaketa bat, baizik eta daukagun gaixotasun sozialari aurre egiteko norbanakoaren betebehar bat. Norbanako arduratsu gisa jokatu behar dugu, gizartea baita arriskuan dagoena”, nabarmendu du Pilar Lekuonak, COEGIko lehendakariak.

Gipuzkoako erizain askok adierazi diote Elkargoari kezkatuta eta haserre daudela Gipuzkoan azken asteetan ikusitako jarduera eta irudi jakin batzuk direla tarteko. Erizain horiek kontzientzia sozialaren aldarria egin dute, eta maskara eraman beharra nabarmendu dute, egoerak okerrera egin ez dezan.

“Erizainek etengabe adierazten digute zer-nolako kezka sortzen dieten herritarrek dauzkaten jokabide indibidualek”. Batzuek, gainera, bizi izandako guztiaren ondoren, akituta daudela adierazi digute; akituta, fisikoki zein emozionalki. Horregatik, Gipuzkoako 5.400etik gora erizain elkargokideren izenean, herritarrei dei egiten diete jokoan zer dagoen argi izan dezatela, arduraz joka dezatela, eta osasun gomendio guztiei jarrai diezaietela”, azpimarratu du Lekuonak.

Carlos III Institutuak seroprebalentziari buruzko egindako azterketaren azken txostenak ondorioztatu duenez, gipuzkoarren ia erdiek (% 45,5) ez dute maskara erabiltzen kalera ateratzen direnean; beste probintzia batzuetan, berriz, % 95ek baino gehiagok erabiltzen dute, hala nola, Madrilen, Bartzelonan, Caceresen edo Jaenen.

 “Gipuzkoan birusak beste lurraldeetan baino 'kolpe txikiagoa' eman duenez, jendea nahiko erlaxatuta dagoela iruditzen zaigu. Baina hemen ere egoera larria izan da, eta birusa gure artean dago oraindik. Egia esan, erizaintzako profesionalok lehen lerroan jarraitzen dugu lanean, norbera babesteko ekipamenduekin, maskarekin eta abarrekin”.

Hortaz, –gaineratu du Pilar Lekuonak–, “herritarren lankidetza eta erantzukizuna eskatzen dugu, ez baitigute ezertarako balio txaloek, omenaldiek eta aintzatespenek, gero herritarrek maskara eramaten ez badute, hori baita kutsatzeak saihesteko metodorik onena”.

COEGIn ondorio bat atera dute: 80ko hamarkadan preserbatiboak bizia salbatu bazuen, “orain maskara izango da gure babesa”.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Erizaintza Koronabirusa olatu berria Maskarak